GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Itziar Arrizabalaga Osa Zestoako preso eta errepresaliatuen senideen izenean

Zestoako EAJ/EAri

Azken bederatzi urteetan Zestoako Udaleko Ongizate Sailari laguntza ekonomikoa eskatzen diogu, dispertsio gastuak arintzeko. Gure herriko errepresaliatuak bisitatzeko hilean behin eta urte batean bi senidek Cabo Verdera bixita bat egiteko, urtean 15.039,11 euro behar ditugu. Diru kopuru hori gehiegi omen da eta lehengo urteko diru laguntza berdina emango digute aurten ere. Badirudi «krisia» dela eta, gasolina, autopistak, etxetik at lo egin beharra... ez direla urte batetik bestera garestitzen. Errealitatea da Udaletik emango zaigun laguntzarekin ez zaigula iristen hilero bisita bat ordaintzeko ere.

Alderdi hauek dispertsioaren aurka omen daude (ezin dugu ahaztu dispertsioa orain dela 20 urte EAJ-PSOEk bultzatutako politika dela, eta senideok oraindik ere horren ondorioak jasaten ari garela), dispertsioak preso direnei eta beren senideei bigarren zigor bat ezartzea suposatzen omen dielako. Ederki, horrela adierazten duzue zuen esana eta izanaren arteko berdintasuna zein den, gauza bat esan eta bestea egin.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Zestoako EAJk Udalak antolaturiko ipuin kontaketa baten harira esanikoak. «Lotsagarria» omen da Udalak horrelako ekintza kultural bat antolatzea, euskal preso politiko baten eguneroko bizitza eta egoerari buruzko azalpenak ematea bere ilobari ez da zuzena, ezta? Guri lotsagarria iruditzen zaiguna EAJren jarrera da: euskal presoak existitzen dira, hauek ilobak, seme-alabak, gurasoak, lagunak... dituzte, euskal gizartearen errealitate bat dira. Errealitatea ezin da ezkutatu. Umeek ere errealitatea bizi dute. Zer egin behar duzue, ume guztiak presoen seme-alabetatik bereizi, bestela jakin egingo dutelako ume horiek beren gurasoak, osabak, izekoak bisitatzera kartzelara joaten direla? Edo gutako edozeinekin ez utzi ibiltzen umeei, guk ere esango diegulako senideren bat dugula kartzelan? Garbiak izan zaitezte mesedez, eta ez ibili jendearekin jolasean! Beno, oraingo honetan garbiak izan zarete, bai, benetan azaldu duzue zein den zuen jarrera euskal preso politikoen egoeraren inguruan. Zuen jarrera bai dela lotsagarria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo