GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Besteak

Bost euskal talde jauzia egiteko prest daude

J.L. | DONOSTIA

Real Unionez gain, beste bost euskal talde ere ari dira igoera faseak jokatzen. Gizonezkoen lau talde Bigarren B Mailara igotzeko ahaleginetan ari diren bitartean, emakumezkoen bat, Oiartzun, Superligarako jauzia egin nahian dabil.

Bost horietatik hiruk, gaur bertan jokatuko dituzte beren norgehiagokak. Bigarren B Mailarako igoera fasean, Azpeitian orain dela bi astekoa baino zorte hobea espero dute; horrekin batera, Lagun Onak taldeak azken kanporaketa jokatzeko txartela lortzea amesten dute.

Azpeitiarrek La Nucia Alacanteko taldea hartuko dute gaur Garmendipe zelaian, 18.30etatik aurrera. Joaneko partidan, Aitor Zulaikak zuzentzen dituen mutilek o-0ko berdinketa lortu zuten. Emaitza ez da txarra, baina bai kontuz ibili beharrekoa, irabazteak bakarrik balio baitio etxeko taldeari. Golik gabeko berdinketarekin luzapenera joko lukete, eta beste edozein berdinketak kanpotarrak sailkatuko lituzke.

Ordubete beranduago hasiko da Lizarran, Merkataondoa zelaian, beste kanporaketa. Bertan, Izarrak Hellin taldea hartuko du. Zuri-urdinek lehen ahaleginean huts egin zuten Palenciaren aurka, baina bigarrengoan ez dute aukera alferrik galdu nahi. Joaneko neurketa 1-2 irabazi zuten, eta nafarrek ezin dute beren zalean aurrean duten aukera hori alferrik galdu.

Bigarren B Mailarako igoera fasean ari diren beste bi euskal taldeek bihar jokatuko dituzte beren norgehiagokak. Gauzak okerren dituztenak ere beraiek dira.

Peña Sportek 18.00etatik aitzinera jokatuko du etxean, San Francisco zelaian, Mirandesen aurka. Nafarrek joaneko partida 4-0 galdu zuten, eta gauzak oso gaizki dituzte. Emaitzaz gain, aurrean Hirugarren Mailako talderik onenetakoa izango dutela ere kontuan izan behar da.

Ordu erdi beranduago hasiko da Basarten, Amurrion, bertako taldeak Los Barriosen aurka jokatuko duen neurketa. Zuri-urdinek joaneko partida 3-1 galdu zuten. Arabarrek Peña Sportek baino hobeto dituzte gauzak, baina hala ere nahiko zail dute aurrera egitea.

Emakumezkoen Superligarako igoera fasean, berriz, Oiartzunek gaur, 19.00etatik aurrera, Mollerrense taldearen aurka jokatuko du, eta bere lanak amaituko ditu. Irabazi, eta itxaron, ez daukate besterik lehen partida etxean 1-3 galdu ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo