Koko Tylor gogoan izango du gaur Getxoko Nazioarteko Blues jaialdiak
GARA | GETXO
Tennesseko Menphisen jaio «omen» zen 1935eko irailaren 28an -batzuen ustez zortzi urte lehenago- eta Illinoiseko Chicago hirian hil zen, gaixotasun arazo larriak izan ostean. Pasa den asteazkenean zendu zen «bluesaren erreginak» omenaldi beroa jasoko du gaur Erromoko Santa Eugenia plazan. Izan ere, gaurko egunerako zegoen programatua abeslari estatubatuar honen kontzertua Getxoko Nazioarteko Blues jaialdian.
Gaurko omenaldi kontzertuan honako hirukote honek hartuko du parte: E. C. Scott abeslariak; Henry Butler eskarmentu handiko piano-jotzaile eta abeslariak -bluesa, rhythm&bluesa eta jazza lantzen ditu-; eta Kenny Neal gitarristak. Hirukotearekin batera, The Koko Taylor's Band ariko da, Koko Taylorrekin hainbat urtetan jardun den taldea, hain zuzen ere.
Eguneko proposamena Mike Hammer & The Taxi Drivers euskal taldeak osatuko du. Banda bizkaitarra artista nagusien aurretik ariko da, 21.30etik aurrera. Ohi bezala, saio guztietarako sarrera doakoa izango da.
Bihar amaituko da aurtengo Getxoko Blues jaialdia eta ixteko, Johnny Marrs harmonika-jotzaile estatubatuarraren kontzertua izango da. XXI. mendean, esperimentatuz eta erregistro berriak bilatuz, harmonika sendotzen jarraitzen duen musikaria da Marrs. Saio hau ohi baino ordubete lehenago hasiko da, hau da, 20.30etan.