GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Mendekuaren aztarnak?

Komunikabide askok bat-batean jakin dute ezker abertzalea ez zegoela hilda. Eta tonua aldatu dute. Litekeena da beraiek ofizialez gain beste batzuk ere ezagutzea. Benetakoak? Horregatik aldatu dute mezua, emaitzen benetako dimentsioaz jabetu direlako?

Espainiar Gobernuari ez zitzaion gustatu Iniziatibaren zerrenda legala izatea. Batere ez. Eta erabakia hartu zen unetik mendekuari ekin zion.

Europako fondoak erabili beharko ditu espainiar Estatuak krisiak erabateko hondamendia ez ekartzeko, eta, agian, diruaren parte bat hauteskunde emaitzak ongi biltzen ahal dituen sistema informatikoa erosteko erabil dezakete. Jakin badakit agertutako «gertaera misteriotsuak» ez direla europar komunikabide garrantzitsuenetan islatuko, baina espainiar Estatua eskaintzen ari den espektakuluak lekuko asko ditu, isilik mantentzen diren arren. Ez dut nik esanen Europa oinarrizko eskubideen benetako gauzapenean oinarritzen denik. Baina nabarmena da irudia hainbeste maite duen Europa ofizial honetan gauzak diskretuago egin behar direla. Demokraziaren itxurak garbi gisa pasatzen ahal diren hauteskundeak eskatzen ditu halabeharrez. Bestela, nola salatuko ote ditu Iran, Kuba, Ipar Korea edo munduko beste «gaiztoak»? Europak ongi toleratzen ditu estatuen gehiegikeriak, baina oinarrizko baldintza diskrezioa da. Zikinkeriak isilpean, zaratarik gabe, arrastorik utzi gabe. Espainiar Estatua, berriz ere, kontrakoa egin du, trakets, zalaparta eginaz, jende guziaren bistaren aitzinean...

Bestalde, ikusten ari garenak Estatuaren ahulezia adierazten du batez ere. 2009an espainiar Estatua kudeatzen dutenek ez dutela inolako lotsarik esatea denbora galtzea da. Espainiar Estatuaren goiko arduretan jarduteko demokraziarekiko errespetua alde batera utzi behar da. Batez ere euskaldunekin zerikusia duten gaiei dagokienez. Harrigarria ez da iruzurrak egitea. Alderdien Legea horixe bera da, herriaren nahiari sorbalda emanaz iruzurrak gauzatzeko tresna. Nola egonen zen bestela Lopez Ajuria Enean? Harrigarria da hain trakets egitea. Harrigarria da Estatuaren barne arazoak azaltzea eta, batez ere, estrategia «antiterrorista»ren ahulezia horrela nabarmentzea.

Pertsona batzuek ezin dute sinetsi espainiar Gobernua putxerazoa egiteko gai denik. Gaixoak! Niri, berriz, kostatzen zait sinestea hain txapuzeroki egiteko prest egon direnik, edozer egiteko beharra sentitu zutenik II-SPren emaitzak desitxuratzeko. Hainbesterako izan da kolpea? Duela gutti GARAtik bertatik egiten nuen hausnarketa hau, eta gaur itzultzen naiz, aitortu dudanez zaila egiten baitzait horrelako arriskuak onartzeko prest izatera iritsi direnik pentsatzea.

Mendeku baten aitzinean gaudela dirudi. Baina mendekua baino gehiago ere bada. Menturaz urduritasunaren adierazpena da, erritmoak apurtu dizkiotela sentitzen duen norbaiten erantzuna edo. Beste plan batzuk izanik inprobisatu behar izan duenaren jarduera, apika.

Komunikabide askok bat-batean jakin dute ezker abertzalea ez zegoela hilda. Eta egun batetik bestera aldatu dute tonua. Agian hausnarketa horiek ez dira hain ausartak. Litekeena da beraiek ofizialak diren datuak ez ezik beste batzuk ere ezagutzea. Benetakoak? Horregatik aldatu dute mezua, emaitzen benetako dimentsioaz jabetu direlako? Dosi mugatuetan kudeatzen ari dira?

Ez dute erantzunen, baina galderak eta zalantzak argituko dira noizbait. Egia esan, dagoeneko argitzen ari dira, ez duzue uste?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo