GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

DEIA | Rikardo Arregi 2009/6/17

Transfobia

Batzuek erraz galtzen dute lana (...). Batzuentzat lan erregulazio bat izatea ere loteria desiragarria izango litzateke. Maria Jesús Lastrak sei hilabeterako sinatu zuen lan kontratua baina hiru ordu iraun lanean: goizeko hamaiketatik ordu biak arte. Sukaldean laguntzeko zegoen Gasteizen Alde Zaharreko ogitarteko denda batean baina nagusia konturatu omen zen Maria Jesús Lastra transexuala zela (ez galdetu nola) eta bere onerako kaleratu zuen. Bere onerako, bai (...). Nagusiak ez zuen arazorik transexualekin (guztiok gara oso toleranteak, ezta?), baina kontuan harturik Alde Zaharrean gazte mozkor asko dabilela asteburuetan deliberatu zuen hobe zela langileari arazo gehiegi ez ematea eta lan gabe utzi. Bihotz oneko gizona, zalantzarik gabe. Lan Ikuskaritzan salaketak daude, EHGAM-Arabak mobilizazioak antolatu ditu. Ez dakit, lerrook idazten ditudan bitartean, zer aterabidea izango duen arazoak baina bi gogoeta etortzen zaizkit burura oraintxe bertan, transfobia gaitzetsi eta salatzeaz gainera.

Lehendabizikoa enpresaburu, enplegatzaile edo nagusiei buruzkoa: nekatzen nau, nazkatzen nau, entzuteak behin eta berriz pertsona horien laudorio etengabea; badirudi negozioak baino karitatezko festak antolatzen dabiltzala eta egoera ekonomiko txarra sufritu, beraiek sufritzen dutela batez ere.

Bigarrena da gay, lesbiana eta transexualen mugimendu askotan nagusitzen ari den joera normalizatzaile eta lasaigarria, ezin ulertuzkoa dena bazterkeria kasuak eguneroko ogia ditugunean oraindik. Asteon bertan irakurri dut egunkari batean Benidormeko udalak (PP) eta Alikanteko diputazioak (PP) gay turismoa bultzatu nahi dutela gayak «bakezale eta lasaiak» direlako. Agian (agian ez, seguru) hasi-hasierako mugimenduetan zegoen probokazio puntu hura berreskuratu beharko genuke guztiok eta irribarretsu, zintzo eta jatorrak izateari utzi. Aspertu gehiegi dago munduan aspertu gehiago gehitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo