GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Hauspoari eraginez» milaka izango dira gaur Oionen bilduko diren euskaltzaleak

Milaka euskaltzale gerturatuko dira gaurkoan Arabar Errioxako Oion herrira. «Hauspoari eraginez» lelopean, ibilbide «logistiko eta erromantikoa» aukeratu dute Araba Euskarazeko antolatzaileek.

GARA |

Urte osoan buru-belarri lanean eta den-dena antolatzen ibili ostean, iritsi da fruituak jasotzeko garaia. Gaurkoan izango da Arabako ikastolen jaialdi handia. Goizeko hamarretan, irekiera ofizialarekin batera emango diote hasiera 2009ko Araba Euskaraz jaialdiari, Oionen.

Gogor jotzen du eguzkiak Arabako Errioxa partean, eta hori dela medio, aurtengo ibilbidea aukeratzeko orduan itzalaren bila ibili dira arduradunak. «Logistika» kontuan izanda marraztu dituzte lau guneak herriko maparen gainean.

Ibilbide «erromantikoa» ere badela diote, izan ere, lau guneak herrian egongo dira. Oiongo herriarentzat ohore handia izango da, euskararen aldeko kausa dela, milaka eta milaka euskaltzale eskuzabalik hartzea.

Lehenengo gunea 2009ko edizioaz arduratu den San Bizente ikastola inguruan bertan kokatuko da. 1978. urtean hasi zen San Bizente ikastola eskualdeko txikienak hezten eta euskalduntzen. Ordutik, hirutan -1984, 1997 eta 2003an- ospatu da bertan Araba Euskaraz egitasmoa eta oiondarrek beteranotzat dute beren burua honelako ekimenak antolatzeari dagokionez.

Gainera, Miren Artetxe, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Manex Agirre, Ekaitz Samaniego eta Asier Otamendi bertsotan arituko dira eguerdiko ordu bietatik aurrera. Bertso saioaren ondoren, Pirritx, Porrotx eta Marimotots txikienei barre algarak lapurtzen izango dira lehenengo gune honetan.

Musika eta kirol eskaintza anitza aurkituko dugu Oiongo igerilekuaren inguruan kokatuko den bigarren gunean. Musikari dagokionez, besteren artean, Seiren, Bertso Rap, Zaunka eta Amaiur izango dira. Musikaz gain, kirolak gustuko dituenak, egun osoan zehar rokodromoaz, eski-pista simulagailu batez, globo aerostatiko eta puzgarriez gozatzeko parada izango du.

Adostutako ibilbideari jarraituz, erreka ondoan dagoen Rio Grande parkean hirugarren gunea izango da. Naturarekin bat egiteko aukera izango da. Ludoteka, puzgarriak, haur jolasak, jumpinga, kale animazioa edota artisauak nonahi izango dira.

Seguruenik gazte gehiago bilduko dituen gunea laugarrena izango da. «Hauspoa» izenarekin bataiatu dute hilerri zaharretik gertu kokatzen den gunea. Hementxe izango dira, besteak beste, Ohiu, Deabruak Teilatuetan, Nora ezean, Ezinean eta Kauta taldeen kontzertuak.

«Hauspoa» gunean teknologia berrientzat lekutxoa egongo da, Araba Euskarazen abestia, logotipoa eta programazio osoa bluetooth aplikazioaren bidez sakelako telefonora deskargatzeko aukera egongo baita. Zirkuitu osoan, gainera, txistulariak, batukada, trikitilariak eta Eltziegoko gaitariak izango dira.

Primeran pasatzea eta euskarari bultzada ematea izango dira helburuak. Horretarako, ondo pasatzea aholkatzen dute antolatzaileek, baina pasatu gabe, bere buruarekin, naturarekin eta ondokoarekin arreta izanez.

Ibilbidea oso luzea ez izan arren, komenigarria da oinetako egokiak janztea. Eguzkitik babesteko kremak eta txanoa erabiltzea ere funtsezkoa da, baita edariekin hidratatzea ere.

Egindako lanagatik omenduak

Arabak hartuko duen euskararen jaialdi honetan, elkarte bat eta bi lagun izango dira omenduak gure hizkuntzaren alde egin duten lana aintzat hartzeko helburuz. Hain zuzen ere, Ttiki Ttaka euskara elkartea, Abel Enbeita eta Luis Mari Bengoa.

Orain dela 17 urte sortu zen Ttiki Ttaka euskara elkartea, 1992. urteko garai horretan bazegoen bete beharreko hutsune bat, izan ere, inguruan, harremanak eta bizitzako ia esparru guztiak gaztelaniaz garatzen ziren. Modu honetan, oso zaila zen ikasitako euskara erabili eta mantentzea. Euskalduna, independentea eta jokaera irekia izango zuen elkartea abian jarri zen Ttiki Ttakarekin.

Egun, 60 bazkidek, inguruko ikastola guztiek, euskaltegiek eta zenbait elkartek osatzen dute eskualdean euskararen alde lan egiten duen ekimen hau.

Muxikan jaiotako Abel Enbeita bertsolaria aski ezaguna da Arabar Errioxako euskaldunen artean. Orain dela 25 urte ezagutu zuten Enbeita estreinakoz, Oioneraino hurbiltzen hasi zenean ikastoletan ikasleei bertsotan irakasteko asmoarekin.

Asmo ausarta dudarik gabe, baina, bertso labur nahiz luzeak eta errima kaskarrekin edo errimarik gabe, aurrera egin zuten guztien artean. Bertsolari bizkaitarrak pazientziaz armaturik lortu zuen Arabar Errioxako umeak euskaldun egiten gaituen hizkuntzarekin jolas zezaten. Eta horregatik erabaki dute antolatzaileek gaurko bigarren omendua bera izango dela.

Beste bertsolari bizkaitar bat ere omenduko dute, Luis Mari Bengoa. Txoko batetik bestera ibilian, inori abisua eman gabe, Oionen aurkeztu zen halakoan.

Omendua izango den hirugarren pertsona honek betidanik erabili izan du euskara bere lanean. Jairik jai ibiltzen da herri honetako ohiturak eta herri kirolak jendarte osoak ezagutu ditzan. Horrelaxe ezagutu zuten egun batean, Arabar Errioxako Oiongo herrian ere.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo