GARA > Idatzia > > Kultura

Guggenheima kokatu nahi duten lurraren defentsan, bisita gidatuak

Bisita gidatua antolatu zuten atzokoan Abiñako Auzokideen Elkarteko kideek Urdaibain barrena, bertako eta udalekuetako eraikineko balioak ezagutzera emateko asmoz. Guggenheim museoa ezarri nahi duten lurrek duten garrantzia azpimarratu zuten, hala, Edorta Jimenez idazleak eta Iñaki Uriarte arkeologo eta paisajistak. Barkuz Urdaibaiko sekretuak ezagutu zituzten bertaratutakoek. Eraikinera, ordea, ezin izan zuten sartu, BBKren debekuagatik.

p057_f01_203x137.jpg

Odeia AIESTARAN | SUKARRIETA

Guggenheim museo berria eraiki nahi duten lurretan barna ibilaldi gidatua egiteko aukera izan zen atzokoan Sukarrietako Abiña auzoan, bertako herritarrek antolatuta eta Edorta Jimenez idazlea eta Iñaki Uriarte arkitekto eta paisajista bidelagun hartuta. Museoa kokatu nahi duten tokian bertan Sukarrietako BBKren koloniak daude, ehunka umek aurrean duten paisaiaz gozatzeko eraikina, hain zuzen ere. Hori horrela, Abiña auzoko kideek kolonia defendatzeko deia egin dute, eta hala, inguruaren xehetasunak ezagutzera emateko ekintzak antolatzeari ekin diote.

Eguzkia lagun hartuta, goizean Urdaibai barkuz zeharkatu zuten bertaratutakoek Edorta Jimenenez azalpenak adi-adi entzunez. Inguruari erreparatuz hasi zuten ibilaldia, Sukarrietako kolonien hedadura ikusiz eta parean eginiko etxeak aipatuz. Izan ere, bizilekuen tamainak edota itsasoarekiko hurbiltasunak auzokideen kezkak azaleratu zituzten. Jimenezen esanetan, inguruarekin bat eraiki ez ziren guneak dira, hain zuzen, paisaia harmonikoan «desastrea» sortu dutenak. Adibide moduan Foru eta Gernika ezarri zituen, herri horiek Urdaibai kontuan hartuz egituratu baitziren eta modu horretan, mendien atzean ezkutaturik geratzen dira, paisaia hautsi gabe.

Zaintza desegokiaren ondorioz ere gune asko desagertuz joan direla ere aipatu zuen idazleak. Nabigazio bide eta baliabide ekonomiko gisa erabiltzen zen itsasadarrak, adibidez, bi kanal zituen, bi aldeetara nabigatzeko. Horiek, ordea, desagertu egin dira.

Inguruaren garrantzia ozen aldarrikatu zuen Jimenezek, eta adibide gisa ideologia guztiak bertan duten tokia azaldu zuen; denak txundituta geratzen baitira. Hala, abertzale, sozialista nahiz falangista bat Sukarrietaz maitemindu zirela kontatu zuen. «Sabino Arana hemen ezkondu zen eta hala imajinatzen dut nik; hemen eseri eta lasai irakurtzen», zioen. Aranaz gain, Indalecio Prieto eta Rafael Sanchez, falangearen bigarrenak, lekua maite zutela aipatu zuen.

Kultura Ondarea

Iñaki Uriarte arkitektoak, bere aldetik, joan den ostiralean Lakuako Gobernuan aurkeztu zuten eskaerari buruzko zertzeladak eman zituen. Abiñako auzokideek eskatuta, Sukarrietako koloniak Kultura Ondare gisa Monumentu Multzo izendatzeko txosten bat egin zuen. Eskakizuna aintzat hartzeko, eraikinak dituen hainbat balore azaldu zituen. Uriarteren esanetan, «duen balio historikoa jakina da eta ez dago esan beharrik hezkuntza, arkitektura eta paisaia mailan duen garrantzia». Aipatu zuenez, kolonia eraiki zenean, lan eredugarria izan zen, haurrenganako arreta eza nagusi zen garaian hobekuntza nabariak ekarri zituelako. Gaineratu zuenez, «orduko Europako herrialde aurreratuenen -Belgika eta Suitza, esaterako- pare» jarri zen kolonia.

1920an Ricardo Bastidak eraikia, «arkitektura neoeuskaldunaren momentu handiena» irudikatzen duela gaineratu zuen, «orduko elementu originalak egoera perfektuan» aurkitzen dira, gainera.

Oztopoak

Barkuan ibilaldia egin ostean, atzoko egitarauak kolonietara egin beharreko bisitarekin jarraitu behar zuen. Hori, ordea, ezinezkoa zen. Eguna ailegatu aurretik auzokideek bertara deitu eta baimena eskatu nahi izan zuten baina bertara sartzea ezinezkoa izango zela jakinarazi zieten, bertara jende asko joango zelako egun berean. Auzokideek garbi adierazi zuten hura «aitzakia hutsa» zela, atzokoan garbi ikus baitzitekeen kolonian ez zegoela inor; hutsik zegoela, alegia. Halere, bertara sartzeko ahalegina egin zuten; erantzuna ezezkoa izan zen, BBK-ko zuzendaritzak agindua emana zuen bertara inor ez sartzeko. Badaezpada ere, inor horretan saiatuz gero, Ertzaintzaren hiru patruila gerturatuak ziren bertara.

Gertakaria albo batera utzita, baina, irteera «arrakastatsua» izan zela adierazi zuten eta inoiz errepikatuko dutela ere baieztatu zuten. Informazio gehiago nahi duenak abinakoak.wordpress.com gunera jo dezakeela ere aipatu zuten.

BISITA GIDATUAK

Aurrerantzean ere Urdaibaiko erreserba eta Sukarrietako udalekuak ezagutzeko bisita gidatuak egiten jarraitzeko asmoa azaldu zuten Abiñako Auzokideen Elkarteko kideek.

DEBEKUA

Udalekuetako eraikinera sartzeko baimena ez zuten lortu auzokideek. Atzo adierazi zietenez, BBK-ko zuzendaritzak inor sartzea debekatu zuen. Ertzaintzaren patruilak ere gerturatu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo