Maider Eizmendi Kazetaria
Paper gutxien duenari paper eske
Pentsa kalean zoazela, lasai, bizikletari emanez, eta bat-batean udaltzain batek gelditzeko agindua ematen dizula eskua altxatuta. Bizikletatik jaitsi eta ezer esan gabe, harridura aurpegia jarrita, galdetzen diozu zer duen, zer nahi duen. «Paperak badituzu?», galdegiten dizu lehor, zakar... «Zer, nortasun agiria?» galdegiten diozu harrituta, zure artean bizikleta gidatzeko baimena ez ote dizun eskatuko pentsatuz.
Honek ezetz, bizikletaren paperak behar dituela, berriz ere lehor-lehor, serio, txantxetan aritzeko inolako itxurarik gabe.
Bai, bada bizikletek ere paperak behar dituzte nonbait, norberarena dela egiaztatzen duten agiritxoak. Eserlekuaren atzean eransten den zakutxoan beraz, etxeko giltzak eta diru apurrarekin batera, bizikleta erosi dugun dendan jasotako faktura eraman behar da derrigor. Bai, gainerakoan bizikleta hartu eta biltegira eramango du udaltzainak, ezin baitu frogatu erositakoa edota kale bazterretik lapurtua ote den.
Txantxa dirudi, baina hori gertatu zitzaien mutil batzuek kontatu zidaten istorioa, oraindik ere harridura aurpegiz, «ez da posible!». Are okerragoa da udaltzainengana bizikleta bila joan, zakarretatik jasoak zirela esan eta, beraz, haiek erregistratzeko zein modu ote zen galdetutakoan jasotako erantzuna: «Zabor artean? Oso itxura ona dute zaborretatik jasoak izateko?». Inolako arazorik ez izateko beraz, hobe herdoildutako bizikletak eramatea. Horixe udaltzainaren mezua eta hutsala, berriz, trantze hau ez pasatzeko eskainitako soluzioa.
Hurrengoan kalean bizikletaz doazenean gauza bera gertatzeko arrisku latza du mutil taldeak, eta «du» diot, gisa honetako pasadizoak ez zaizkiolako edonori gertatzen. Gelditu al zaituzte akaso inoiz udaltzainek bizikletaren agiriak eskatzeko? Xelebrea da, baina paper gutxien duenari eskatzen zaizkio paper eta agiri gehien, apenas paperik duenari, kanporatzeko arriskua justu-justu gainditzeko adina paper duenari, alegia. Beraz, ez larritu, bihar berriz eserlekuaren atzeko zorrotxoan etxeko giltzak eta diru apur batekin bizikletan irteteko arazorik ez duzu, ez behintzat gaztea eta azalez ilunxeagoa ez bazara.