Gazte Egunean iazko marka gainditzeko grina dute Eibarren
Arazoak arazo eta zailtasunak zailtasun, makina bat lagun eta talde saiatzen ari dira azken urteetan Eibarren bestelako jai eredu bat bultzatzen. Iaz emaitza arrakastatsua izan zen oso, antolatutako ekimenetan zein prestaketa lanetan jende askok hartu baitzuen parte. Gaur, Gazte Egunean, iazko markak gainditzea espero dute jai herrikoi, euskaldun eta parekideen aldeko ekimeneko kideek. Herri bazkaria eta bazkalosterako jokoak antolatu dituzte, besteak beste.
Maider EIZMENDI |
Iazko aurrekariek gogo eta kemen handiagoz lan egiteko indarra eman diete eta, hala, egitarau oparoa antolatu du berriz ere sanjoanetarako jai herrikoi, euskaldun eta parekideen aldeko ekimenak.
Gaur, San Joan bezperan, euren programako egun biribilena ospatuko dute inondik ere, eguerditik hasi eta indarrak agortu bitartean jaian barneratzeko aukera izango baita txosna gunean, Gazte Egunaren baitan.
Eguerdiko ordu batean, dultzaineroei ongietorria egingo diete; ondoren txupinazoa jaurtiko dute, eta herrian zehar poteoan abiatuko dira; 14.30ean herri bazkaria izango da txosna gunean, eta bazkalostean, berriz, jolasak eta kalejira. Noski, Euskal Herriko beste hainbat txokotan egingo duten moduan, jai egitarauaren barnean sartu dute San Joan sua; eta ordu batean Laket taldearen emanaldiarekin amaituko dute eguna. Gaur amaituko da txosna gunean San Joan jai hauetarako prestatutako egitaraua, aurretik ekitaldiz lepo josi dituzten egunak izan dituzte, ordea.
Jai herrikoi, euskaldun eta parekideen aldeko ekimeneko kide den Jokin Azpiazuk azaldu duenez, iaz arrakasta handia izan zuen txosna gunean antolatu zen ekitaldi sortak, batez ere, herri bazkariak. «Herriko ia 250 lagunek hartu zuten parte eta ia 70ek prestakuntza lanetan, guretzat sekulakoa izan zen». Marka handia jarri bazuten ere, aurten hura gainditzeko asmo osoa agertu du.
Urte mordoxka daramate herriari bestelako jai eredu bat eskaintzen, «emakumeen parte hartzea areagotzeko, euskarak presentzia handiagoa izateko eta, noski, parte hartzea sustatzeko». Azken honi helduta, azken urteetan parte hartzeak beheranzko joera izan duela nabarmendu du: «Jende helduak gogoan du garai batean askoz ere parte hartzaileagoak zirela eta gaur egun hori aldatu egin da; guk ahalegina egin nahi dugu eta ez bakarrik parte hartzeko, baizik eta antolaketan herriak hitza hartu eta erabaki dezan». Behin eta berriz nabarmendu du, zentzu honetan, gakoa herritarrak jaiaren prestakuntzan barneratzea dela. «Antolatze hutsarekin inplikazioa handitzen da, bai eta parte hartzea ere», ohartarazi du.
Arazoak Udalarekin
Zentzu honetan, Udalak egitarau itxia aurkezten duela nabarmendu dute: «Gero, urtean zehar pare bat bilera antolatzen dituzte jendearen ideiak jasotzeko, baina beti eurek egindako egitarautik abiatuta, eta ez dugu eskumenik aurrekontuetan ere».
Udalarekin gorabehera handiak izan dituzte bestelako jai eredua abian jartzeko bideari ekin ziotenetik, baina iaz akordio batzuetara iritsi ziren finantzazioaren parte bat lortzeko eta baita behar zituzten ekipamenduetan ere. «Aurten gorabehera handiak izan ditugu, berriz ere, batetik, txosna gunea kokatzeko lekua aldatu nahi zutelako eta, bestetik, berriz, aurrekontua asko murriztu dela eta ez zigutela dirurik emango esan zigutelako», azaldu du. Negoziazioak tarteko, lortu dute eman behar zieten diruaren erdia jasotzea. Zailtasunak zailtasun, ekimeneko kideak gogotsu agertu dira eta gaurko egunak zer-nolako erantzuna izango duen ikusteko irrikaz.
Udalaren jai egitaraua ere ekimenez eta ekitaldiz lepo dator gaurko. Goizeko hamaiketan esaterako, San Joan zortzikoa egingo da, Usartza txistulari bandaren eskutik eta musikarien laguntzarekin.
Eguerdian, 13.30ean, iritsiko da, ordea, jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa. Hori lehertzearekin batera, txanpainak hartuko du lehen lerroa Gaste Elkarteak eta Eibarko tabernariek antolatu duten «txanpanadan».
Koadrilak ere gustura ibiltzeko moduan izango dira, jokoak, kalejirak... antolatuak baitaude. 23.30ean San Joan sua eta Eibarko Dantza Garaikide taldearen emanaldia izango da Untzaga plazan.
Aspaldian herriko jaietan parte hartze handiagoa izaten zen. Hala gogoratzen dute herriko helduenek. Berriz ere arestiko ohitura hura berreskuratzea dute helburu, besteak beste, jai herrikoi, euskaldun eta parekideen aldeko ekimeneko kideek.