Zardoya Otis eta Iber-Leiber-eko langileek kaleratzeen aurka borrokan jarraitzen dute
GARA |
Kaleratze mehatsuak eta baita praktikak ere ohiko bihurtzen ari dira Euskal Herrian, krisi ekonomiko testuinguru honetan. Donostiako Zardoya Otis lantokian 61 lagun kaleratu nahi ditu zuzendaritzak; Itziarren kokatuta dagoen Iber-Leiber fabrika berriz itxi egin nahi dute nagusi alemaniarrek, 80 pertsona lanik gabe utziz.
200 langiletik gora dituen Zardoya Otisen greba eguna burutu zuten atzo, eta bihar eta ostiralerako ere deitu dute lan uztea. Atzo, enpresan ordezkaritza duten LAB, ELA eta UGT sindikatuek babestuta Herreratik Boulebard-eraino oinez joan ziren langileak «Kaleratzerik ez!», zioen pankartaren atzean. Ondoren, Udaletxe parean, Alderdi Ederren, kontzentrazioa burutu zuten 13.00ak arte.
Igogailuak egiten dituen enpresa honek beste lantoki bat du Leganes herri madrildarrean. Donostiako enpresa batzordeak hemengo langileen inguruko neurriak hemen negoziatu daitezela exijitu dio zuzendaritzari, baina honek ez du onartu.
LABeko ordezkariek adierazi dutenez gainera enpresako zuzendaritzak burutu nahi dituen kaleratzeek ez dute inolako justifikaziorik multinazionalak azken urteotan izugarrizko irabaziak izan baititu.
Antzera dabiltza Deba inguruko herritar asko. Kaleratzeak baina are gehiago Iber Leiber multinazional alemaniarrak enpresa itxi nahi du, 80 langile kale gorrian utziz. Langileak mobilizazio ugari ari dira burutzen erabakiaren aurka. Ohar batean azaldu dutenez pasa den astean zehar «tentsio handia» izan zute enpresan. Lantegiko bidea itxita eduki zuten bertatik inork materialik atera ez zezan eta enpresako paretak «margoketaz josi» zituzten.
Larunbatean 35 autoko karabana egin zuten eta ondoren kontzentrazioa eta manifestazioa Mutrikun.