LABek zerga sistema aldatzeko eskatu du, «gehien dutenek gehiago ordain dezaten»
Gehien dutenek gehiago ordaindu behar dutela uste dutelako, LABeko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon, azken asteetan zerga sistema justuago bat eskatzeko hasitako kanpainari bukaera emateko.
GARA |
LABek egungo zerga politika ereduaren aurkako kritika kaleratu du azken asteetan Euskal Herriko hainbat eskualdetan egin dituen ekimenetan. Atzo dinamika horri bukaera eman zion Bilbon, Bizkaiko Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea eginda.
Bertan, sindikatu abertzaleko ordezkariek egungo zerga sistema aldatzea eskatu zieten instituzioei, eta eredu «justuago» bat aldarrikatu zuten, ondasuna behar bezala banatuko duena. «Gehien dutenek gehiago ordain dezatela, langileok ez baitugu krisia gaindituko enpresei diru laguntzak emanez eta akziodunei lagunduz», nabarmendu zuten.
Gastu soziala, txikienetakoa
LABen izenean Marijo Romerok hartu zuen hitza, justizia sozialean oinarritutako esparru ekonomikoa aldarrikatzeko, langileria lehentasuntzat izango duen eta aberastasuna modu egokian banatuko duen eredu bat eskatzeko hain zuzen. Ildo honetan, Romerok azaldu zuen egungo sistema ekonomiko eta fiskalak hori lortzeko balio beharko lukeela, baina ez dela horrela gertatzen salatu zuen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gastu soziala Europako txikienetakoa delako. Hori, besteren artean, diru bilketa txikia delako gertatzen da.
Izan ere, LABeko kideak adierazi zuen legez, zerga gehienak langileek ordaindu behar izaten dituzte, enpresen bikoitza aitortzen baitute, eta enpresek gainera zerga gero eta txikiagoak ordaindu behar dituzte eta instituzioen diru laguntzak jasotzen dituzte.