GARA > Idatzia > > Kultura

EHZk zinemari ere egingo dio tartea, Fermin Muguruzaren eskutik

«Checkpoint rock» dokumentalak emango dio hasiera Euskal Herria Zuzenean jaialdiari uztailaren 3an Heletan. Zinemari ateak irekitzeak hurrengo urteetako antolakuntzan eragina izan dezakeela adierazi dute antolatzaileek. Filma lehen aldiz eskainiko da euskaraz azpititulatuta. Fermin Muguruza zuzendariarekin batera, dokumentalean parte hartu duen Safaa Arapiyat kantaria ere izango da eta kontzertua eskainiko du EHZn.

p040_f01_204x117.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Euskal Herria Zuzenean jaialdia berritasunez gainezka dator aurten. Zuberoako Idauze-Mendi ingurua atzean utzita, Heleta herrian egitarau zabala eskainiko du aurten gidaritza hartu duen talde berriak. «Jauzi handi bat eman dugu toki eta talde aldaketarekin bat egiteko», adierazi zuen Mattin Olxomendi antolatzaileak. Jaialdia hasteko aste eta erdi besterik falta ez denean, antolatzaileek badute oraindik berri onik. Uztailaren 3an, irekiera egunean, Muguruzak bere azken lana aurkeztuko du, «Checkpoint rock» dokumentala, eta Manu Chaok kontzertua eskainiko du, Tombolatour munduko biraren barnean.

«EHZn beterano bat naiz, hiru bider jo dut jadanik eta antolatzaileek beti hartu dituzte kontuan nire proposamenak. Oraingoan jaialdiaren irekiera gure gain geldituko da, eta horren ondorioz, EHZk dimentsio berria hartuko du», azaldu zuen Fermin Muguruza musikari eta zuzendariak. «Ez dira musika, antzerkia, dantza eta tailerrak soilik izango, orain zinema ere izango baita. Ea bide hau hurrengo urteetan ere irekitzen den».

Palestinari buruzko filmean parte hartu duen Safaa Arapiyat aurreneko emakumezko rap kantari palestinarrak ere abestuko du jaialdian. «Filmean ikusten da arabieraz kantatzeagatik zailtasun ugari dituela, baina gainera emakumea izateagatik gizarte arabiarrean arazoak ditu, askatasun handiz mintzatzen delako», azaldu zuen Muguruzak.

Dokumentalak Palestinako gizartea hobeto ulertzeko bidea eskaintzen duela jakinarazi zuen egileak: «Arapiyaten borrokari esker, jendeak hobeto ulertuko du herriaren borroka, baina baita gazteek aurrera ateratzeko eta musikaren bidez borrokatzeko duten grina».

Donostian, Saharan eta Granadan proiektatu dute dagoeneko eta orain Ipar Euskal Herrira helduko da. Oso aurkezpen gutxi egin nahi dituzte ekoizleek, irailean filma zinema aretoetan estreinatuko baita. Hala ere, EHZ, testuinguru berezia izaki, mezua beste era batera helarazteko baliatu nahi dute. Fermin Muguruzak dokumentalaren mezua nabarmendu zuen: «Uste dut filmak lagunduko duela Palestinan zer gertatzen den hobeto ezagutzen. Sarraskiari aurpegia jarriko diogu».

Lagunartea

«Gu bezalako sortzaileentzako oso inportantea da elkarlana, eta hori Euskal Herria Zuzenean-en ikusiko da», esan zuen Muguruzak. Jaialdian parte hartuko duten kantarien artean laguntasun handia dagoela ere nabarmendu zuen, eta hori agertoki gainean ikusiko dela ere azaldu zuen. Jaialdiaren lehen egunean Manu Chaok Safaa Arapiyatekin kantatuko duela iragarri zuen.

Kantari irundarra Chaorekin aspaldidanik duen adiskidetasunaz mintzatu zen: «Orain dela 25 urte ezagutzen dugu elkar eta «Checkpoint rock» dokumentaleko azken abestia berarena da». Hori dela eta, Muguruzak ere Chaorekin batera kantatuko duela jakinarazi zuen.

Heletako jaialdian parte hartuko duen Emir Kusturicarekin duten harremana ere hizpide izan zuen irundarrak. Zinemagile eta kantari serbiarrak Maradonari buruz egin duen dokumentalaren soinu banda Manu Chaok egina da. «Denak EHZn elkarrekin egotea itzela izango da», aipatu zuen Fermin Muguruzak.

ELKARLANA

Manu Chaok kontzertua eskainiko du EHZn. Bera da Fermin Muguruzaren «Checkpoint rock» dokumentaleko azken kantuaren egilea. Muguruza filma aurkeztera etorriko da, baina agertoki gainera ere igoko da aspaldiko lagunarekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo