Futbol taldeek beren identitateari eutsi behar diote, dagokien tokian egon nahi badute
Futbola, joko bat den heinean, faktore ugariren menpe dago eta ez dago emaitza bat aurreikusterik partida hasten den arte. Futbola, negozio bat den heinean, diruaren menpe dago batez ere, baina joko izaten jarraitzen duenez, dirua ez da dena futbol-zelai batean hamaika beste hamaikaren aurka jokatzen hasten direnean.
Hartara, nazio jakin bateko futbol taldeek izan dezaketen arrakastaren formularik ez da existitzen. Baloreak eta bertuteak, ordea, beti dira berberak -umiltasuna, lana, jarraikortasuna, argitasuna...-, nahiz eta baloreek bere horretan ere ez duten emaitzarik bermatzen. Baina asko laguntzen dute.
Kirol ikuspuntutik so eginda, egungoa ez da Gipuzkoako futbolak izandako garairik distiratsuena. Ondorioz, ez da euskal futbolaren urrezko garaia. Ez da faltako okerragoa izan zitekeela pentsatuko duenik, arrazoi osoz. Nolanahi ere, kezkak bere horretan dirau, ez baita ikusten euskal taldeek beren indargune nagusiari heltzen diotenik. Hara bada, zein da indargune hori? Nortasuna, zalantzarik gabe. Honek Madrilentzat edo Bartzelonarentzat balio badu, nola ez du balioko dirutza horiek ez dituzten taldeentzat?