Juan Luis Mugertza | Berango
Merkatu irakaskuntza
Irakaskuntzak sasoi honetan merkatu itxura hartzen du. Baina irakaskuntzaren merkatuan ez dago, ez indabarik, ez piper berderik, ez Idiazabalgo gaztarik... Tankera horretako jakiak (euskal labeldunak) ikasturte hasieran bakarrik izaten dituzte salgai, erakusgai ikastetxeek; orduan, asmoak, helburuak askoz potoloagoak izan ohi baitira, eta askoz garestiago saldu ohi baitute produktua. Gero, egutegiko zenbakiek aurrera egin ahala, kalitateak indarra galtzen du, iraungipen-data ate joka hasten da, eta litxarreria asko eta koipe ugari zabaltzen da merkatu irakaskuntzan. Halarik ere, ez dago zertan kezkatu; merkatu irakaskuntzan ikasleek egindako lanak (giza irizpideak eta pedagogikoak hartuta) zenbaki bat izango du, hizki batzuk (B, O O, O, N...) izango ditu, non ordenagailuaren tekla sakatuta irakasleek beraien nahiera txukunduko eta borobilduko duten, eta gurasoek ikusitakoan seme-alabaren erradiografia amestuko duten. Bai, sekulakoa da aro honetan merkatu irakaskuntzaren eskaintza, produktuaren itxuraldaketa. Digerigaitza digerigarri bihurtzen da, eta krematsu zaporea hartzen du. Gainera, aurten inoiz ez bezalako eskaintzak izango dituzte tropelean nahikoa atzean aritutako DBHko laugarren mailako (bereziki) ikasleek. Bi jakintzagai suspendituta titulua (ez jarri zalantzatan) izango dute; hiru utzitakoek ez dute horren erraz izango. Hala ere, beti egongo da baten bat egoeraren larrian laguntza izango duenik, merkatu irakaskuntzan jarduten duten profesionalak oso onberak, oso eskuzabalak baitira azken txanpa honetan. Eta horrela merkatu irakaskuntzan produktuaren kalitatea bigarren, hirugarren... maila batean geldituko da. Baina lasai, helburua, beste behin, porrotak zurituko duen zenbakia baino ez da. Irakaskuntzak ez du funtzionatzen, antza; baina tira, zerk funtzionatzen du, bada?