ANGEL MARIA LAKUNTZA AZTIRIA Administrazioan Euskaraz Taldea
Udako ekitaldiak Iruñean: euskaldunok gogoan izatea
Iruñeko Udalak nahiko errotuta dauzka euskaldunokiko mespretxua eta ikusezintasuna. Ez dugu horregatik ohitu behar. Euskaldunok ere etengabe gure eskubideak aldarrikatu behar ditugu. Bestela jai dugu.
Iazko udan Iruñeko Udalaren Civivox zentroen programazioak ikuskizun ugari bildu zituen. Ezaugarri berbera zuten: gaztelaniaz ziren. Informazio orriak ere gehienetan gaztelania hutsean idatziak ziren, euskarazko bertsioa erdi ezkutaturik gordetzen zelako. Aurten, gaitza errepikatu baino lehen, eskaera zuzendu nahi diogu Iruñeko Udalari: bere ikuskizunen programazioan euskaldunok kontuan hartzeko, ikastaroetan, zinema saioetan, kantaldietan, antolatutako irteeretan, publizitatean...
Sanferminetan eta sanferminen ondorengo udako egunetan, baita urtean zehar ere, ikuskizunak eta jarduerak antolatzerakoan, euskaldunok kontuan hartzea, horixe besterik ez dugu eskatzen.