Garikoitz Lekuona
Fuenterrabiako «Bonito Eguna»
Udalaren parte hartzea tarteko, Bonito Eguna antolatu da datorren uztailaren 4rako, Hondarribiko arrantzaleek, zoritxarrez, gero eta gutxiago arrantzatzen duten hegaluzea ezagutzera emateko eta bere kontsumoa sustatzeko.
Lehenago legatzaren arrantzarekin gertatu bezala, badirudi lehenago edo geroago, atuna arrantzatzeko aukerak gutxitzen joango direla, nahiz eta mendetan bertako familia askoren ekonomiaren eta arrantzaren beraren oinarri izan den. Horren adibide bada, neurri batean, orokorrean gehienok «atuna» deitutako arrainari erreferentzia egiteko herriko arrantzaleek duten hiztegi zabala: hegaluzea (atunzuri), hegalmotza (hegalabur, atungorri), matrail beltza, monua...
Festa egunari izena jartzerako orduan, aldiz, azken tendentzia politiko-modernoei eutsiz, «tradiziyua» alboratuz eta Udalaren oniritzia tarteko (Euskara Departamentuarena ere bai?), guztiz arrotza den hiztegia erabiltzea erabaki dute antolatzaileek. Badakigu, «irudi modernoa eman behar da», «jendeak ulertu dezala zeri buruz ari garen»... eta tankerako abar luzea aipatuko duzuela antolatzaileok erabakitakoaren arrazoi gisa. Baina beste behin ere izena eta izana bereizita ikusiko ditugu aipatutako festan. Soilik, Marinan ospatuko dela eranstea falta zaizue (jada egin ez baduzue!), portuan izan ordez. Bonito Day edo Journée du Thon jarri ahal zenioten, hartara koherenteagoak izango zinatekete eta arrantzale herria izatetik zerbitzuen herrira egindako jauzia hobekiago adieraziko zenukete.
Orion Bixigu Eguna (eta ez Besugo eguna) eta Tolosan Txuleta Eguna (eta ez Chuletón eguna) ospatzen duten bitartean, Fuenterrabiako Marinan Bonito Eguna ospatuko da.