Alonso: «Une honetan ezin dut geroan pentsatu»
Jon LEUNDA | IRUN
Irunen poza zen nagusi atzo. Bezperako festaren ondorioak nabariak ziren, baina jendea gustura zegoen, eta ez zen gutxiagorako, Real Union, 45 urte eta gero, Bigarren Mailan baitzegoen. Festaren hondarrak zaleengan nabariak ziren, baina baita jokalari eta entrenatzaileen artean ere.
Horietako bat zen Iñaki Alonso entrenatzailea, baina bera ere pozarren zegoen: «Ikaragarria izan zen. Irun osoa taldearekin nola portatu zen, eta giroa nolakoa izan zen, sekulakoa, betirako gogoan izaten den horietakoa izan zen», esan zuen.
Taldeak egindako denboraldia sekulakoa izan da, baina igoera lortu ezean, ezerk ez zuen balioko, eta horren jakitun zen Alonso bera ere: «Bezperan aritu ginen Berruet eta biok horri buruz. Sekulako denboraldia eginda gentozen partida honetara, baina helburua lortzen ez bagenuen, bagenekien urte txarra izango zela», aitortu zuen.
Bere kirol ibilbideko urterik handiena izan zela ere onartu zuen Alonsok: «Dudarik gabe. Real Madril kanporatu genuen, uste dut gure multzoan besteen gainetik egon garela, eta azkenean igoerarekin errematatu dugu. Honelako urteak betetzea oso zaila izaten da, eta orain gozatu egin behar dut», esan zuen.
Irundarren zuzendaritzari ere eskerrak eman nahi izan zizkion: «Iaz ez genuen Bigarren Mailarako igoera faserik jokatu. Puntu bat falta izan zitzaigun, baina zuzendaritzak nik taldean jarraitzeko aukera eman zidan. Gaur egun futbola nola dagoen ikusita, hori ere eskertzekoa da». Alonsoren lana gainerako taldeengana ere heldu da. Racingen izena ere aipatzen da, baina normala den moduan, horren inguruan ez du gauza askorik esan nahi: «Zurrumurruak dira, zurrumurru garaia da orain. Nik hankak lurrean ditut, eta uste dut orain Bigarren Mailan entrenatzea tokatzen dela. Hemen kontratua daukat, eta proiektua gustatzen zait, nahiz eta, orain, igota, hori ere aldatu beharko den. Horretaz guztiaz hitz egin behar da orain, eta gauzak aztertu, baina urtea joan den moduan joanda, orain egun batzuetako atsedena behar dugu, nik burua ez daukat beste ezertarako», esan zuen.
Ilusio handiko urtea
Garbi dago beraz, taldearen etorkizunari buruz hitz egiteko, egun batzuk igaro beharko direla. Hala ere, entrenatzaile irundarraren hitzetan, ilusio handiko urtea izango da hurrengoa Irunen: «Taldea Bigarren Mailan dago, Realaren aurkako derbia izango da, horrek berak pizten du zaleen indarra. Gero, begira zein talde dauden, Betis bera ere hor izango da. Aurten Kopan jokatu dugu haien aurka, eta beraiek Lehen Mailan eta gu Bigarren B Mailan geunden. Heldu den denboraldian maila berean izango gara. Uste dut urte bikain baten aurrean gaudela, zaleek une hau gozatu behar dute, baita Irungo herriak ere», esan zuen.
Azkenik, Cadizen aurkako kanporaketaren ostean, kezkak agertu zirela ere onartu zuen: «Real Unionek kolpe dezente hartu ditu, eta Cadizek kanporatu ostean, mamu dezente agertu ziren, baina ongi gainditu dugu eta igo gara».
Itxaron egin behar
Behin igoera lortuta, garbi dago festarako gogoa dutela Irunen, eta urte gogor baten ostean, denek argi esan zuten egun batzuetan ez dutela etorkizunari buruz hitzik egingo, baina garbi dago zein izango den helburua.
«45 urtez maila honetatik kanpo egon ostean, orain maila honi tamaina hartu eta bertan irauteko gogor lan egin behar dugu. Uste dut badugula Bigarren Mailan lekurik, eta horretan saiatu behar dugu», esan zuen Ricardo Garcia presidenteak.
Akilino Etxarri taldeko idazkari teknikoak ere gisa horretan hitz egin zuen: «Oraindik dena berria da, denok lasaitu eta lortutakoaz gozatu behar dugu. Gero hasiko gara lanean. Helburua mailari eustea izan beharko da. Zaila izango da, baina horretan aritu behar dugu», esan zuen jokalari ohiak.
Etorkizunari buruz hitz egitean, inork ez du ezer argitu nahi. Denek garbi utzi dute, lortutakoaz gozatu nahi dutela, eta egun batzuk igaro ostean hasiko direla heldu den denboraldia prestatzen.