Harri-zulatzea
Oraingoan Gallartak bere hautagaitza aurkeztu du
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Harri-zulatzeko Euskal Herriko Ligako laugarren jardunaldia jokatu zen atzo, eta oraingoan ez du Txorierrik irabazi, Gallartak aurrea hartu baitio. Aurreko hiru jardunaldietan Txorierri izan da nagusi, baina laugarrenean burua makurtu behar izan du, nahiz eta hamaika zentimetrogatik geratu den irabazi gabe.
Gallarta izan da irabazle laugarren jardunaldi honetan. Ordu erdia amaitutakoan, 18 zulo eta 90 zentimetro zituzten eginak. Txorierri sailkatu zen bigarren, hamaika zentimetro gutxiago eginda. Hirugarren Burdin Gazteak izan zen, 15 zulo eta 90 zentimetro eginda. Laugarren, Trapagaran, 15 zulo eta 73 zentimetrorekin. Bosgarren sailkatu zen Kabiezes, 14 zulo eta 24 zentimetrorekin; seigarren Errekatxo 9 zulorekin, eta azkena Kz Kolpeka, 5 zulorekin.
Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izango, eta Txorierrik jarraitzen du lehenengo postuan.