GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Eneko Martiarena Cortusako langile batzuen izenean

Barrengorrien metamorfosia -eta barka nazala Kafkak-

Produkzio errekor historikoak egin eta uzta jaso ondoren, berriro ere txanpiñoia zapuztu nahi dute orain, ERE baten bitartez, legezko diren kaleratzerik merkeenak inposatu nahirik eta kaleratzeak belar txarrei zuzendurik noski. Txanpiñoia astaputz bilakatu zaigu

Bada denboralditxo bat krisia dela-eta EREak txanpiñoiak (barrengorri) bezain ugari ageri zaizkigula gure euskal lur hauetan. Enpresari guztiak azkar asko hasi dira lantegietan berregituratze zein deslokalizazio merkeak egiteko Administraritzak eman dien aukera hau lotsagabe baliatzen. Ez dute nahikoa, ordea, malgutasun handiagoa nahi dute, EREak baimen beharrik gabe egin eta kaleratzeak oraindik merkeago nahi dituzte. Mozkin eskandalagarriak izan dituzte langileen baldintzak muturreraino estutuz eta diru laguntzak kontrolik gabe jasoaz, eta besterik gabe, poltsikoak beteta hanka egin nahi dute orain.

Honelakoxe txanpiñoi baten kontura dator idatzi hau. Duela urte batzuetako higiezinetako inbertsiotatik lortutako dirutza ongarritzat harturik jaio zen gure perretxikoa. Elkartea sendi barnekoa zen, senar-emazte eta alabak. Langileak aldiz, dozenatxo bat. Automobilgintza merkatuaren hazkundeari esker, perretxikoa hazten joan zen, aldi berean, langileen osasuna, segurtasuna eta ordainsari duinak zapalduaz. Modu horretan, langileek greba deitu zuten. Nagusi-erregearen mehatxuek nahi adinako eragina izan ez zutenez, ETT bateko langileak erabili zituen lan beharrak betetzeko. Jokaeraren legez kontrako izaera dela medio, salaketa eta ondorengo isuna jaso zuen enpresak, baina langile ilegalek Ertzaintzaren babesarekin euren lana burutu zuten. Ondoren, nagusi-erregeak kiebra egoera azaldu eta txanpiñoia zapuztu zen.

Esporak, ordea, ernaldu ziren eta sendi-elkarteak kide berri bat jaso zuen: nagusi-erregearen koinata, zeinak 200 euroko ekarpen ikaragarria egin zion elkarteari eta txanpiñoi berri baten sorrera (izen desberdinekoa) ekarri zuen. Txanpiñoi berriarentzat ongarria 600.000 euro izan ziren, bitartean txanpiñoi zaharra «suspensión de pagos» delako legearen menpe utzi zuelarik. Txanpiñoiaren bigarren belaunaldia izan zen hau. Aurreko ikasgaia ongi ikasirik, langileak, eta batez ere hauen ordezkariak, ongi zanpaturiko eta deuseztatu beharreko belar txar bilakatu ziren, eta lana bai ongi egin ere, ehun langile inguruko txanpiñoiak ez baitzuen inolako ordezkari sindikalik. Azkar hazi zen simaur gainean (830 euro inguruko soldatak hiru txandatan lan eginez, lan osasunean ia gasturik ez, prebentziorik ez, formaziorik ere ez) eta administraritzaren laguntzarekin Errumaniara zabaldu zen espeziea, Gipuzkoako Aldundiak 90.150 euro eman baitizkio inongo baldintzarik gabe han beste planta bat eraiki dezan. Errumaniako txanpiñoiak baldintza berberetan lan egiten du, baina langileei 200 euro baino gutxiago ordainduaz, Errumaniako batez besteko soldata baino nabarmen gutxiago.

2007 eta 2008an produkzio errekor historikoak egin eta uzta jaso ostean, berriro ere txanpiñoia zapuztu nahi du nagusi-erregeak, ERE baten bitartez, legezko kaleratzerik merkeenak (20 eguneko soldata urteko) inposatu nahirik eta kaleratzeak belar txarrei zuzendurik noski. Txanpiñoia astaputz bilakatu zaigu.

Enpresaren berri izan nahi duenak galde diezaiola Azpeitiko uztargileari edo bestela Cortusa Industrial SL, Gudarien etorbidea 41., 20140 Andoain helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo