GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Proiektu berria

Elustondok eta Ansotegik zuri-urdinez margotu dute etorkizuna

Beren kontratuak luzatu dituzte bi jokalariek. Elustondok 2013ra arte defendatuko du Realaren kamiseta eta Ansotegik 2014. urtera arte. Lorenen ustez etorkizuneko proiektuaren euskarriak dira.

p036_f02_41334.jpg

Urte luzez defendatuko dute Gorka Elustondok eta Ion Ansotegik Realaren kamiseta. Biek zuri-urdinez margotu dute beren etorkizuna, kontratuak luzatuz. Hurrengo lau urteetarako Elustondok, eta honek baino urtebete gehiagoz bizkaitarrak.

Berritze hauekin, aurretik Eñaut Zubikaraik eta Markel Bergarak sinatutakoekin gertatu zen bezala, klubak etorkizunari begira urrats garrantzitsuak eman dituela uste du Lorenek. «Elustondo eta Ansotegi oso jokalari garrantzitsuak dira Realarentzat, klubaren orainaldiaren oinarrizko piezak eta gure etorkizunaren funtsezko piezak. Realaren etorkizuneko proiekturako nahi ditugun euskarrien eredu garbia dira», azpimarratu zuen kirol zuzendariak.

Poz-pozik agertu ziren jokalariak ere emandako urratsarekin. Oso denboraldi on bati ginga ipiniz, Ion Ansotegiren kasuan. «Realak ni hemen jarraitzea nahi zuen eta horrek asko pozten nau. Nik ere gauza bera nahi nuen, eta guztiok pozik geratu garela uste dut. Orain oporrak datoz, eta ondotik gogor ekingo diogu lanari, denboraldi ona egin eta igoera lortzeko», adierazi zuen atzelari bizkaitarrak, agian bere ibilbidearen amaiera Realean egingo duenak, kontratua amaitzerakoan 32 urte izango dituela kontuan hartuta.

Gorka Elustondok 22 urte besterik ez dauka, baina bere taldekideak bezala, sekulako poza hartu zen etorkizuna zuri-urdinez margotuz. «Kontratua berritzea denboraldirako amaiera ezin hobea izan da. Pasa dudana pasa ostean, oporretara horrela joatea ez dago gaizki. Denboraldiaurrea hasteko ilusio handia dut», onartu zuen erdilariak.

Taldearen berritzea

Lorenek, bestalde, «taldea lehen baino lehen definitzea» nahiko lukeela onartu zuen. «Eta horretan gaude, bai etorrerei eta bai irteerei dagokienez ere».

Kirol zuzendariak argi dauka, halere, presaka ibiltzea ez dela beti ona izaten, eta horregatik, klubak gauzak «ondo neurtu» nahi dituela esan zuen, «kontratazioan asmatuz». «Ilusioa sortuko duen talde bat eraikitzen saiatzen ari gara», azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo