Maider Iantzi Kazetaria
Itsasoa, hitz bat dena erran edo gordetzeko
Itsasoa. Itsasoa. «Dena erraten dugu hitz bakar batekin ala hitz bakar batekin ezkutatzen dugu dena?». Zuri begira jarri naiz eta ohiko sentsazioa dut: beti izaten da zer egina eta nonbaitera joan beharra; gainerakoan, ez dakit inoiz mugituko nintzatekeen hemendik, iruditzen zait ez nintzatekeela behin ere aspertuko. Zure koloreak, formak, marrazkiak, usainak, musika, hain berdinak baina hain ezberdinak dira! Batzuetan, orain bezala, lasai-lasai egoten zara, lotan dagoenaren antzera; bertzetan, aldiz, haserre bizian jartzen zara, arrantzaleekin, hondartzan paseatzen duten lagunekin, zugandik hurbil-hurbil eraikitako etxeekin; munduarekin berarekin, beharbada. Behin, arrantzale herri batean galdetu omen zuten urdina ez bazina, zein koloretakoa izanen zinatekeen eta zalantzarik egin gabe erantzun omen zuten: «Beltza!». Batzuentzat hain krudela eta bertzeentzat hain zoragarria; sendagarria ere bai. Lehen jendea ez zen orain bezala bainatzen. Medikuek izan zuten seguru aski zerikusirik ikusmoldea aldatzearekin: zure ur gazia osasunerako ezin hobea zela baieztatu, eta mendetan gorrotatutako lapurreten eta heriotzen agertokia paradisu miragarri izatera pasatu zen. Batzuek ezingo lukete zu gabe bizi eta bertzeak, kostakoak izan arren, ez dira sekula hondartzara joaten.
Itsasoa. Itsasoa. «Edozer irensteko gai den munstro erraldoiaz ari gara edo oinak aparrez bustitzen dituen olatu horretaz?». Konpainia egiten duzu. Gauetan, beti egoten dira bikoteak eta beti egoten da norbait bakarrik, zuri so. Denetarik egin daiteke hondartzan: irakurri, idatzi, margotu -inspirazio iturri ere bazarelako-, kirola egin, lo... Baina, batez ere, begiratu, naturaren misterioekin harritu, galderak egin... «Itsaso luze-zabala momenturen batean akaso bukatzen al da?».