Giro bikain eta alaian eman diete hasiera Arbizuko San Joan jaiei
Urte osoa zain egon ostean, atzo arratsaldean eman zieten hasiera Arbizuko San Joan festei. Dantzak eta auzateak zabaldu zuten besta. Sei egunetan poza eta umorea izango dira nagusi Sakanako herri honetan.
Asier V. DE MENDIZABAL
Arbizuko San Joan jaiek hasiera eman zuten atzo arratsaldean. Suziriak zeruan eztanda egin orduko jaiak hasi eta giro onak, alaitasunak eta parrandak hartzen ditu herriko kaleak. Atzo, San Joan suaren gainetik jauzi egin ondoren, jaiek aurrera jarraituko dute gaur eta datorren igandean amaituko dira.
Krisiari aurre egin eta Arbizuko Udalak ahalegin handia egin du aurten jai egitarau oparoa prestatzeko. Hala, adin guztietako jendearentzako ekitaldiak izango dira Arbizun egunotan, eta Sakanako herrira bertaratzen direnek ez dute aspertzeko paradarik izango. Herri mugimendua eta Udala elkarlanean aritu dira aurtengoak ahalik eta jai arrakastatsuenak izan daitezen.
Atzoko parrandaren ondoren, gaur goizean Txorongo txarangako kideak herriko kaleetan barrena ibiliko dira bizilagun lotienak esnatzen eta giroa alai- tzen. 11.30ean, urtero bezala, San Joanera igoera egingo da eta ordu erdi geroago meza nagusia izango da. 12.00etik 14.00etara haurrek puzgarri eta tailerrekin primeran pasatzeko aukera izango dute. Buruhandiak ere izango dira Aldabide elkartean.
Arratsalde partean kalejira izango da Txo rongo txarangaren eskutik eta ondoren haurrek beren tartea izango dute Kixka txotxongiloen emanaldiarekin. 19.00etan beste kalejira bat izango da herriko karriketan zehar, Detraka taldea hain zuzen.
Afalaurrean, dantzaldia izango da herriko plazan 20.30etik 22.00etara, eta behin sabela bete eta umeak ohera bidali os- tean, nagusientzako dantzaldia hasiko da gauerdian, goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko dena.
Bihar, erretiratuen eguna izaki, haiei zuzendutako ekimen anitz egongo dira. Dena dela, egunean zehar haurrek ere izango dute jolaserako tartea. 11.30ean bideo jokoak, ludoteka eta puzgarriak izango dira herrian, eta eguerdiko hamabietan berriz, aiton-amonentzako meza. Eta nola ez, elizakoak bukatu ondoren adinduek sabela betetzeko hamaiketako goxoa izango dute.
Idi-probak
Arratsalde partean, mus eta briska txapelketak izango dira 16.30ean, eta 18.00etan kalejira izango da Impresentables txarangaren eskutik. Zazpietan, arbizuarrek oso gustuko duten ekitaldiaren txanda etorriko da; idi-probak, alegia. Gauean, emakumeen afaria izango da eta, horren ondotik, dantzaldia.
Ostirala, berriz, amnistiaren eguna izango da eta herritarrek euskal preso politikoak izango dituzte gogoan egun osoan zehar. Kirola ere ez da faltako. 10.30ean pilota partidak jokatuko dira frontoian, eta arratsal- dean, herri kirolak izango dituzte ikusgai zaleek.