Italiako hautesleek ez diote bizkarrik eman Silvio Berlusconiren eskuinari
Ez krisiak, ez zalapartak ez dira arazo izan Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroarentzat, udal eta probintzietarako hauteskundeetan garaipen argia lortzeko. PDL eskuineko alderdia 34 probintziatan eta bederatzi hiri handitan gailendu da. Zentro-ezkerrak, beste porrot bat.
GARA |
Italiako hautesleak ez dute ez krisi ekonomikoa, ez azkenaldiko zalaparta kontuan izan, eta Silvio Berlusconiren eskuineko Popolo della Liberta (PDL) alderdiari eman diote sostengua udal eta eskualdeetarako hauteskundeetan.
Bozketak izan ziren 62 probintzietatik -hiru sortu berriak dira-, PDLk 34tan lortu du garaipena atzo zabaldu ziren datu ofizialen arabera. 2004an bederatzitan nagusitu zen.
Udal hauteskundeetan -4.000 udalerritako zinegotziak aukeratzeko- 30 hiri nagusietatik hamalautan nagusitu da PDL (bederatzitan, berriz, 2004an).
«Ezkerrak beste porrot argi bat jasan du», nabarmendu zuen Berlusconik emaitzak jakin eta gero. Hautesleen sostengua eskertu eta gero, «lehen ministroa [bera] eta Gobernuaren aurkako eraso subertsiboak eta desitxuratze mediatikoak» gaitzesteko adorea izan zuen.
«Hauteskundeak baino lehen, PDLk bost milioi pertsona gobernatzen zituen probintzietan. Gaurtik aurrera, 21 milioi gobernatuko ditu», gaineratu zuen.
«Esamesen oposizioa gainditu du Berlusconik», titularra zekarren atzo «La Stampa» egunkariak, azkenaldian lehen ministroa jo-puntuan hartu duten eskandaluak gogora ekarriz.
Besteak beste, «adin txikikoekin ibiltzen dela-eta» emazteak lau haizetara zabaldutako haserre eta dibortzio eskaera, Sardiniako etxeko jaien argazkiak -biluzik ageri direla- argitaratzea eta bere lagunek Gobernuaren hegazkinak erabiltzeagatik abiarazitako ikerketari aurre egin behar izan die azken asteotan Berlusconik.
Zentro-ezkerreko Partito Democraticorentzat (PD) atzerakada ia erabatekoa da, batez ere Italiako iparralde industrialean. Torinon ondo eutsi dio, baina Venezia eta Milano galdu ditu PDk.
Hauteskunde hauetan izandako abstentzio maila oso altua izan da (%38,7 udalekoetan eta %64 probintzitakoetan). Zentro-ezkerra ez da gai izan eskuinari aurre egiteko eta hiritar askok ez bozkatzeko hautua egin dute.