GARA > Idatzia > > Ekonomia

Litekeena da Europako Batzordeak antxoaren arrantzaren debekuari eustea

Europako Batzordeak hilaren 30ean hartu behar du antxoaren arrantzaren gaineko erabakia, baina normalean Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluaren ebazpenei kasu egiten die halako egoeretan, eta ikertzaileek arrantzaren debekuari eustearen alde egin dute.

GARA |

Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak Kantauri Itsasoko antxoaren gainean egindako txostenaren berri eman zuen atzo, eta bertan arrain honen arrantzaren debekuari eusteko proposamena egiten du, gutxienez 2010eko uztailera arte.

Nazioarteko zientzialariek onartzen dute 2005ean abiatutako debekuaren eraginez antxoaren egoera hobea dela gaur egun, baina adierazi dute oraindik espezie hau arriskuan dagoela, eta beraz, erabateko debekua ezarri behar zaiola arrantzari. Ildo horretatik aipatzen dute antxoaren egoeraren gaineko datu fidagarriagoak izateko datorren urteko udaberriko kala aztertu beharko luketela eta, ondorioz, arrantzaren debekua gutxienez 2010eko uztailera arte luzatu beharko litzatekeela.

Europako Batzordea Nazioarteko Kontseiluaren ebazpenaren zain zegoen, heldu den hiletik aurrera antxoa arrantz daitekeen edo debekuak indarrean jarraitzen duen erabakitzeko. Erabakia, hilaren 30ean hartuko du.

Oso datu ezezkorrak

Atzo, Arrantzarako komisarioa den Joe Borgek adierazi zuen antxoaren gaineko debekuari eusteko, Europako Batzordeko zientzialari taldeak berretsi behar duela atzoko txostena -ostiralean biltzen dira-, baina onartu zuen, edonola ere, azken datuak «oso ezezkorrak» direla eta debekua gomendatzen dutela.

Normalean, egoitza Kopenhagen duen Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluaren ebazpenak oinarritzat hartzen dituzte Europako Batzordeko kideek beren erabakietarako, horregatik litekeena da antxoaren arrantzaren debekuari eustea.

Borgek nabarmendu zuen txostenak baieztatu duela Bizkaiko Golkoan dagoen antxoa kopurua 24.000 tonaren azpitik dagoela, eta horregatik arrantzarako aukerarik ezin dela egon gutxienez datozen hamabi hilabeteetan.

Antxoaren arrantza debekatuta egon da Kantauri itsasoan azken lau urteetan, eta iragan abenduan Europar Batasuneko ministroek erabaki zuten egoerak bere horretan jarraitzea 2009ko lehen sei hilabeteetan.

Duela astebete, Azti-ko ikertzaileek adierazi zuten gaur egun Bizkaiko Golkoan 28.000 tona antxoa dagoela, azken urteetako debekuaren eraginez arrain honen biomasa handitu egin delako. Izan ere, 2005ean 9.700 tona antxoa baino ez zegoen Kantauriko uretan.

Erakunde honetako ordezkariek, dena den, gogora ekarri zuten Europako Batzordeak 33.000 tonatan jarri zuela muga arrantza berriz ere baimentzeko, eta ezin daitekeela esan antxoaren krisia gainditu dela.

lau urte

Antxoaren arrantzaren debekua 2005ean hasi zen. Orduan, 9.700 tona baino ez zegoen Bizkaiko Golkoan. Urte hauetan arrain kopurua hazi dela onartu dute zientzialariek, baina oraindik arrantzan hasteko gutxiegi dela uste dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo