Zinema eta jan-edana batzen ditu Getxon Cinegourland jaialdiak
Getxoko III. Cinegourland jaialdiak sukalde kontuekin lotutako pelikula eta dokumentalak eskaintzeaz gain, hitzaldi, ardo-dastatze eta txangoak ere aukeran jartzen ditu, larunbata bitartean inguruko sukaldaritzaren gutiziak plater gainean goxo-goxo jartzeko asmoz.Anartz BILBAO | GETXO
Gaur hasiko da Getxon larunbata bitarte luzatuko den Cinegourland jaialdia, zinema eta gastronomia uztartzen dituena.
Jaialdia Kirol Portuan irekiko dute, Andoni Adurizi buruzko dokumental batekin, «Mugaritz, la cocina de las palabras», eta sukaldaria bera izango da gero hizlari, «Conversaciones y condimentos» izena eman dioten hitzorduan.
Gainera, herriko taberna eta jatetxeek «Pintxos de cine» lehiaketarako prestatu dituzten pintxoak dastatzeko aukera izango da iluntzean, eta egunari bukaera emateko, Juzo Itami zuzendariaren «Tampopo» emango dute gero, 1985eko pelikula japoniar bitxia.
Biharamunerako, eta gonbidapena duenarentzat, «Sabores y paisajes» txangoa antolatu dute Urdaibain zehar, Bizkaiko kostaldeko edertasunaz gozatzeko, bueltan bazkari eta guzti, Larrabetzuko Horma Ondo erretegian. Bazkari horretan, «Vinos de cine» izendatu duten ardo-dastatzea egingo dute, zinemako jendeak ekoiztutako ardoak protagonista hartuta: Gerard Depardieu, Carole Bouquet, Jose Luis Cuerda, Antonio Banderas, eta beste.
Urdaibaikoa ez da izango jaialdiak antolatu duen txango bakarra, ostiralean eta txalupaz, Getxotik Bilbora joatekoak baitira, itsasadarrean zehar. Behin joan-etorria burututa, Michelin gidan izarra duten bost sukaldari bizkaitarrekin egingo dute bazkaria: Fernando Canales (Etxanobe), Xabier Garcia (Boroa), Andoni Arrieta (Andra Mari), Daniel Garcia (Zortziko) eta Eneko Atxa (Azurmendi). Bazkalosterako, «Como nos ven» mahai-ingurua dago iragarrita, aipatu bost sukaldariekin.
Jaialdia larunbat eguerdian itxiko dute. Aurrena, Juan Echanove antzezlea hizlari dela, «Materia prima: regreso al futuro» dokumentala emango dute, «Pintxos de cine» lehiaketaren emaitzak jakinarazi aurretik.
Pelikulei dagokionez, eta aipatutakoez aparte, bihar Ted Kottcheffen «Pero quién mata a los grandes chefs» bitxia eta Pierre Salvadoriren «Usted primero» -zerbitzariek egin behar ez dutena ezagutu dezaten- emango dituzte, eta tartean, «El crepúsculo de la crítica gastronómica» mahai-ingurua egingo dute. Gauerdian, berriz, Portu Zaharrean, «A la caza del atún gigante» dokumentala. Etzi, bukatzeko, David Pujolen «Cómo se hizo la película de El Bulli» telebistarako lanaren lagina eta Jiri Menzel txekiarraren «Yo serví al rey de Inglaterra». Horiez gain, «Nosotros alimentamos al mundo» eta «Sorpresa» dokumentalak.
«Cinéfilos y Gourmets»
Plateren argazkien erakusketa ere izango da Kirol Portuko karpan, «Exposición Look&Food» (La arquitectura gastronómica), eta Jose Luis Cuerda, Juan Echanove, Daniel Vazquez eta Pedro Subijanak «Cinéfilos y Gourmets» sariak jasoko dituzte.
Gastronomia eta sukalde kontuekin lotutako film eta dokumentalak Kirol Portuko karpan, Lauren zinema aretoetan eta Portu Zaharrean (bihar, gauerdian) emango dituzte, eta sarrera doakoa izango da.
Urtero legez zinema eta sukaldaritza munduko lagunak sarituko ditu jaialdiak. Aurten, Pedro Subijana sukaldariak, Daniel Vazquez idazleak, Jose Luis Cuerda zuzendariak eta Juan Echanove aktoreak jasoko dute saria.