Pentsioen erradiografia alternatibaren zain
Atzo argitaratu zuen pentsioei buruzko biurteko txostenean OCDEk, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, datu kontraesankorrak eman zituen. Hobeto esanda, bertan azaltzen diren datuak ez dira berez kontraesankorrak, baina datuekin konparatuz gero erakunde honek ateratzen dituen ondorioak eta egiten dituen gomendio politikoak guztiz dira kontraesankorrak. Izan ere, txostenean pentsio-sistema pribatuek izan dituzten galera izugarriak onartzen badira ere, krisiaren eta espekulazio finantzarioaren ondorioz alor pribatuan oinarritutako pentsioak nabarmen murriztu badira ere, sistema horren aldeko politikak bultzatzen ditu OCDEk. Pertsona helduen artean pobreziak izan duen gorakada orokorrak, ordea, ez bide ditu horrenbeste kezkatzen, sistemaren egonkortasuna auzi honen gainetik jartzen baita.
Krisiak zer edo zer argi utzi badu ekonomia ikuspuntu finantzario hutsaren arabera antolatzeak sortzen dituen arazoak dira. Baita pentsioen auzian ere. Pentsiodunetatik gehienak produkzio lanetan luzaroan ibilitako pertsonak dira, eta une honetan pentsioa jasotzeko duten eskubidea da zalantzan jartzen dena. Edo behinik behin, jasoko duten pentsioaren zenbatekoa. Gaurko pentsiodunena ez bada, bai behintzat biharko pentsiodunek irabazitako dirua eskuratzeko duten eskubidea. Aldi berean, OCDEk erretreta hartzeko adina atzeratzeko eskaera egiten du, lan baldintzak nabarmen okertzeko joerari helduz.
Laburbilduz, txosten honen datuei erreparatu behar zaie, alde batetik, herrialde garatuen egoeraren erradiografia argia azaltzen duelako. Eta erakusten duen egoera benetan larria delako. Beste alde batetik, hor egiten diren proposamenei heldu behar zaie, gogor aurre egiteko bada ere, aurrerantzean aplikatuko diren politika sozialen oinarria baitira, norabidea markatzen dutelako, alegia. Orain norabide hau aldatzeko alternatibak eraikitzeko ordua heldu da, berandu baino lehen, mehatxuak egia bihurtu baino lehen.