GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Azeri-dantza, urteek zaharkitu ez duten ekitaldia Hernanin

Nahiko lukete askok urte luzeetan mantendutako ohiturak Hernanin adinako estimurik izatea. Jaietako hiru egunetan egiten da azeri-dantza, mutilak soilik hartzen dituen taldeak bitan eta talde mistoak beste egun batean. Taldekideentzat «ohorea» da bertan parte hartzea, herritarrentzat izua eta dibertimendua dantza baten inguruan bizitzea.

p015_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI | HERNANI

Hemezortzi lagun soka bati helduta, jendetza kalean gora eta behera txistulariekin, ezusteak eragiten dituen kirioak sentimendu nagusia. Hernaniko Azeri-dantza herriko jaietako ekitaldi nagusienetakoa bilakatu da eta herritar ugarirentzat zita garrantzitsua da. Sokari helduta joaten diren lagunak usteka- bean agertzen dira, herriko txoko ezkutuenetatik, eta sokaz inguratzen duten jendea maskuriaz jotzen dute.

San Joan jaietako hiru goizetan izaten da hura ikusteko aukera, bihar, etzi eta etzidamu hain zuzen ere. Lehen bi egunetan mutilek soilik osaturiko taldea irtengo da kalera; 27 goi- zean, berriz, neskek eta mutilek osatzen dutena.

Lehenean parte hartzen du orain urte asko Jon Alejo hernaniarrak eta nabarmendu du dantza honen inguruan biltzen den jendetza gauza berria dela: «Lehen sokan joateko jendea biltzea ere kosta egiten zen; orain jendea sartzeko zain dago, modan jarri da azeri-dantza». Kideetako batek postua utzi arte beste pertsona batek ez du sartzerik.

«Neskak ere jaian»

1997. urtean irten zen lehenengoz talde mistoa, eta ordutik ez du hutsik egin Amaia Martinezek. Larunbatean berriz ere sokari helduta aterako da. Hernaniarra den aldetik, «ohoretzat» du azeri-dantzan parte hartzea: «Txiki-txikitatik bizi eta ezagutu dugun ohitura da eta bertan parte hartzeak ilusio handia egiten dit; niretzat, dudarik gabe, 27a da sanjoanetako egunik onena». Zentzu honetan, bere hitzetan, orain hamabi urte emakumeak ere hernaniarrek hain berea duten ohitura honetan parte hartzea erabaki zenean, «naturaltasun osoz onartu zen aldaketa» izan zela, eta ordutik hona herritarrek talde bat zein bestea indar berarekin babestu dutela. «Beste herri batzuetan gertatzen dena ikusita, guretzat pozgarria da jarrera hau».

Jaietako azken egunean egingo du dantza Martinezek, baina ordura arte izango da Hernanin zer ikusi eta gozatua. Atzo, eguerdiko hamabietan, jaurtiki zuten suziria, herriko errugbi taldeari omenaldi txikia egin ostean. Eguneko momenturik garrantzitsuena, hala ere, gauean iritsi zen San Joan sua piztearekin batera. Ohitura denez, herritarrek aurreskua dantzatu zuten.

Gaur, San Joan eguna, dianarekin abiatuko da eguna goizeko bederatzietan eta egunerako antolatuta dauden ekitaldien artean, herriko txistulari bandaren emanaldia eta kulturen arteko musika emanaldia dira nabarmentzekoak.

Bihar eguna Azeri-dantzarekin abiatuko da. Jon Alejo bertan izango da, kalean gora eta behera dabiltzan herritarrak izutu eta aldi berean gozarazten. Etzi ere bai; larunbatean berriz, Amaia Martinez izango da sokari helduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo