GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Sanpedruak dira nire pekatu, aurtenguagatik, San Pedro, barkatu»

Eskoriatzarren bekatuak, sanpedroak, berrikuntza ugarirekin iritsi dira: haurrentzako errekortadore eskola ibiltaria; Mascletá Valentziako petardo leherketa erritmiko eta argitsua; Riki Lopez abeslari eta komiko ezagunaren emanaldia; Deabru Beltzak taldearen kalejira, perkusio eta su artifizialetan oinarritua... Asteazkenera arte egingo dute herritar zein bisitariek bekatu eta Euskal Jai egunean baserritarrez jantzita egingo diete agur sanpedroei.

p020_f02_47228.jpg

GARA |

Esaldi lehiaketako irabazleak -«Sanpedruak dira nire pekatu, aurtenguagatik, San Pedro, barkatu»- ongi adierazten du eskoriatzarren festarako grina. Ostegunean hasi eta asteazkenera bitarte, kolorez jantzita egongo dira Debagoieneko herriko ka- leak, eta parranda egin nahi duenak aukera paregabea izango du. Aurten, gainera, hainbat berrikuntza prestatu dituzte antolatzaileek, horien artean, gaur arratsaldeko seietan egingo duten errekortadore eskola. Entzierro txikia izango da estankotik Santa Mariñe plazara, eta han zezen txikiekin salto eta errekorteak egiten ikasi ahal izango dute haur eta gaztetxoek. Poneyak izango dira eta gezurrezko zezenekin egingo dute entzierroa. Iñigo Almorza bergararra Euskal Herriko Errekortadoreak taldeko kidea da eta eskola ibiltari hau nola sortu zuten kontatu digu: «Herriz herri ibiltzen ginen gure ikuskizuna egiten eta, horren harira, duela bi urte, pentsatu genuen umeentzat ere zerbait egin behar genuela, gure publikoaren zati handi bat zirelako». Horrela sortu zuten eskola, txikienei euren jarduna erakusteko. Arrasaten egin zuten emanaldi bat ostiralean eta hurrengoa gaur izango da Eskoriatzan. Bergarako ganadutegiarekin elkarlanean ari dira eta oso ezagunak egin dira herri horretan. «Ikaragarrizko jende pila etorri zaigu. Txahal oso txikiak eta poneyak ateratzen ditugu, eta hiru-lau errekortadore ibiltzen gara umeekin jolasean». Gezurrezko zezenekin haur txiki-txikiak ere animatzen dira, 3 eta 6 urte bitartekoak. Gainerakoan, 16 urte arteko gaztetxoentzat prestatutako eskola da. Eskoriatzako jaietan, igerileku bat jarriko dute plazan urez beteta eta txahal bat sartuko dute.

Beste ekintza berri bat bihar gaueko mascletá argitsua izango da. Arantxa Unzueta kultur teknikariak azaldu digunez, Valentzia aldean egiten duten leherketa sail txiki hau egingo dute aurten su artifizialen ordez. Ikuskizun honetan suak ez dira oso gora joaten eta petardo leherketa zaratatsu, argitsu eta erritmikoak jendeari zirrara eragiteko modukoak izaten dira.

Txosnen egitaraua

Danbor doinuak jabetuko dira gaur kaleez eta parrandara gonbidatuko dute jendea. Horren ondotik, presoen aldeko bataioa egingo dute txosnetan. Bihar Norman eta Zain taldeek joko dute eta etzi, berriz, Klavo Oxidadok eta Rockers Feelingek. Presoen aldeko kalejirak eta Zaparrasda batukada taldeak itxiko dute asteazkenean txosnetako egitaraua.

Eskoriatzako jaietako bereizgarrietako bat taberna eta kaleetan esaldi bitxiak dituzten eranskinak banatzea da eta karteletan ere festei buruz herritarrek idatzitako esaldi bat argitaratzea. Mari Karmen Arrieta euskara teknikariak kontatu digu aurten hamar urte bete dituela esaldi lehiaketak, eta hori ospatzeko, aurreko bederatzi urteetako esaldien artean onena aukeratu dutela: «Sanpedruak dira nire pekatu, aurtenguagatik, San Pedro, barkatu». Bada, hori, animatu pekatu egitera...

errekortadoreak

Euskal Herriko Errekortadoreek eta Bergarako ganadutegiak gaztetxoentzako eskola jarri dute martxan eta herriz herri dabiltza zezentxo eta txahalekin jolasten erakusten. Gaur izango dira Eskoriatzan.

Euskal jaia

Festei amaiera berezia emateko, asteazkenean Euskal Jaia egingo dute eta baserritarrez jantzita ibiliko dira asko eta asko, herri giro ezin hobean. Herri kirolak, taloa eta sagardoa izango dituzte, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo