GARA > Idatzia > > Mundua

Ingushetia, Kaukasoko gatazka guztiak sufritzen dituen errepublika

Junus-Bek Jevkurov Ingushetiako presidentearen aurkako atentatuak hankaz gora jarri du berriz ere Errusiako propagandak Kaukasoko baketzeari buruz esandakoak. Txetxenia eta Ipar Osetia artean dagoen errepublika txikia eskualdeko arriskutsuena bihurtu da, eta ez dirudi berehalakoan konponbidean sartuko denik. Are gehiago, Txetxeniaren bide beretik doala uste dute askok.

p024_f01-197X152.jpg

URTZI URRUTIKOETXEA

Kontu handi-handiarekin ibil zaitez, inorekin fidatu barik. Oso arriskutsua da Ingushetia», esan digu Alikhanek Nazran hiriko geltokira iritsitakoan. Badaki zertaz diharduen gure lagunak, hamabost egun ere ez dira bahitzen saiatu zirela: «Ez dakit zergatik izan zen. Bostehun dolar utzi nizkion aspaldi lagun bati, eta duela gutxi ikusi nuen, ahal zuenean itzultzeko esan nion, presarik gabe. Handik gutxira deitu egin zidan, hitzordua jarri genuen, eta autoan geundela pistola atera zidan. Baina autoa martxan jartzear zela irtetea lortu eta ihes egin nuen». Ia egunero gertatzen den indarkeria kasuetako bat da, gure adiskideari egokitu zaiona, beste hainbat ingushi legez. Astelehenean, larri zauritu zuten Junus-Bek Jevkurov presidentea, eta Ramzan Kadirov Txetxeniako buruzagiak bere errepublikan erabilitako esku gogorra auzoko herrialdera esportatuko duela iragarri du. 

Giza eskubideen aldeko elkarteek ontzat eman dituzte Jevkuroven agintean emandako hileetan egindako urratsetako batzuk. Amnistia eskaini die gerrillariei, baina armak uzten ez dituztenak gogorrago zigortzekotan dela uste dute askok. Talde armatu klandestinoak garaitzeko «txetxeniar bidea» bizkortzeko beharra iragarri dute honezkero: hau da, Txetxeniako «baketzea» eragin duten operazio bereziak (bahiketak, torturak eta exekuzio parapolizialak) Ingushetiara ekartzea, jamaat-ak (Kaukasoko gerrilla islamikoak) arnasarik gabe uztea. «Hilerrietako bakea» deitu diote kritikoek.

 Indarkeria parapoliziala

Ezkutuko hainbat interes batu dira errepublika txiki hau (Arabaren azalera dauka, eta 300.000 biztanle) Kaukasoko arriskutsuenetakoa bihurtzeko. Giza eskubideen aldeko Memorial erakundeko Timur Akiyev-ek bi indarkeria mota bereizten ditu: «Batetik agintariena dago, eta bestetik erresistentzia talde klandestinoak. Errusiako errepublika lasaienetakoa zen hau, zer gertatu da? Hemengo agintariek ez zieten jaramonik egin ustelkeriari eta poliziaren krimenei, eta ondorioz, bahituek, torturatuek, senideak hil dizkietenek ez dute inolako babesik aurkitu». 

Harrigarria suertatzen da Ingushetiako Gobernuko ordezkariak ere tesi horrekin bat egiten entzutea: «Egoera ez da erraza, elementu kriminalak daude Ingushetiako polizian, azken sei urteotatik datorren kontua da, gazteak atxilotu, bahitu, torturatu eta hiltzen hasi zirenetik», dio Kaloy Akhilgov Gobernuko bozeramaileak. «Mendira ihes egindako gazteen erdia baino gehiago poliziaren indarkeriaren ondorioz joaten dira».

Indarkeria horrek Murat Ziazikov Ingushetiako presidente ohiaren gehiegikerien aurkako gorrotoa piztu zuen hainbat jenderen artean. Magomed Yevloyev kazetari eta oposizioko webgune kritiko bateko buruaren hilketak Ziazikoven amaiera ekarri zuen. Akhilgov bozeramailea lagun zuen Yevloyevek eta haserre dago epaileekin: «Magomed Yevloyev hegazkinetik jaitsi zenean atxilotu zuten, eta polizia autoan zihoala hil zuen Ingushetiako segurtasuneko kide batek. Hilketak mundu guztia amorrarazi zuen, protesta asko izan ziren, eta hil zuena lasai asko dabil hara eta hona. Ezin dugu ezer egin, Gortera joango da berriz kasua eta ikusiko dugu zer gertatzen den». Bertsio ofizialak istripua izan zela esan zuen, autoan ustekabean jo zutela tiroa. Vakha Txapanov kazetariak argi dauka hilketaren zioa: «Magomed Yevloyev oso pertsona deserosoa zen boterearentzat, ausarta eta kritikoa, eta hura hiltzeko gogo handia zeukaten».

 Borondatea

Handik gutxira, Ziazikov kendu eta Junus-Bek Jevkurov izendatu zuen Ingushetiako presidente Dmitri Medvedevek. Lehena FSBko zerbitzu sekretuetako pertsona iluna zen, agintari berriak ostera ospea dauka, eta Errusiako izendapen militar gorenaren jabe da. Kosovora sartu zen Errusiako Armadako batailoiko burua zen Jevkurov. Agintean egin dituen hileetan oposizioko kideak bildu ditu gobernura, eta ustelkeria eta krimen parapolizialak epaitzeko ahaleginak egin ditu.

Gobernutik bi urteko epean aldaketa asko nabarituko dela iragarri dute: «Egoera hobera doa, jendearen babesa daukagu. Herritarrak Yevkuroven moduko presidente baten zain zeuden». Baina emaitzak, segurtasunari dagokionez, oso apalak dira. «Borondatea badauka, ez diogu ukatzen, baina ezin dugu esan arrakasta handirik izan duenik», dio Memorial-eko Akiyevek.

 Gatazka ahaztua

Hogei minutu inguru daude Ipar Osetiako Beslan hiritik Ingushetiako Nazran-era. Baina bi mundu dira. Taxilari osetiarrei burutik ere ez zaie pasatzen Nazran-era edo Magas-era joatea. Eta ingushak ez dira ausartzen Ipar Osetiara etortzen. 2004an 300dik gora lagun hil zituzten hemen, umeak gehienak, Errusiak eskolako bahiketa indarrez konpondu nahi izan zuenean. Txetxeniar komando bati leporatu zioten erasoa, baina gutxik aipatu zuten ingushak zirela taldeko gehienak.

Kaukaso osoan dago hedatuta osetiarren aurkako ezinikusia, Errusiaren proxy gisa ikusi ohi dituzte eta. Baina ingushen kasuan oso zehatza da gorrotoaren arrazoia. Nazranen milaka iheslari bizi diren auzoak daude. Ipar Osetiaren menpeko lurretatik kanporatu zituzten 1992an eta oraindik ez dute itzultzerik izan.

Txetxeniarrekin batera sufritutako tragedian dauka abiapuntua auziak: Stalinek Asiara deportatu zituen bi herriak 1944an, nazien laguntzaile izanagatiko akusazio faltsuarekin. Erdiak bidean hil ziren, eta trauma hori gaur eguneraino iritsi da. 1957tik aurrera etxera itzultzen utzi zieten, eta hala egin zuten deportatu gehienek. Baina ingushen kasuan beren lurren ia erdiak, eta hiriburua bera (Vladikavkazeko ekialdea), osetiarrek okupatuta zutela ikusi zuten. 1992an gerra piztu eta Errusiak berriz ere osetiarrak lagundu zituen ingushen garbiketa etnikoan.

Ingushetiako eta Ipar Osetiako gobernuek hitzarmena lortu dute: «Konpondu beharreko lehendabiziko arazoa hori da, etxerik ez dutenak itzul daitezela. Arazo politikoak geroko beharko du», dio Akhilgovek. Osetiar arruntek ez dute ingushekin bizi nahi, baina hori ez ei da arazo: «Borroka duela 17 urte izan zen, estatua bere unerik ahulenean zegoenean. Ez dute berriz horrelakorik gertatzen utziko». Herritar gehienak, ordea, auzi politikoa bazterrean uztearen aurka daude: «Lotsagarria da jarrera hori, etxera itzultzearekin batera Prigorodni eskualdea Ingushetia dela aldarrikatu behar dute», aldarrikatzen du Memorial-eko Timur Akiyevek.

 

langabetuak

Errusiako Federazioko lekurik atzeratuena da Ingushetia. Langabezia tasa altuena dago, %70ekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo