GARA > Idatzia > > Mundua

«Ingushetian lehendabizi tiro egin eta gero erruduna den erabakitzen da»

p024_f04-131X83.jpg

 
Vakha Txapanov
Kazetaria

IA Maximum elkarte eta hedabide elektronikoko burua da Vakha Txapanov kazetaria. Ezkutuko interesen mataza nahasian independente jarraitzeko zailtasunak aipatzen ditu, «horrek ematen baitigu jendeak eskatzen duen erreferentzialtasuna».

Txetxeniako gatazka baretu ahala, borrokak Kaukaso osora hedatu direla irakurri dugu, Dagestan-era eta, batez ere, Ingushetiara. Hori da gaurko egoeraren azalpena?

Motiboetako bat da, baina zabalago begiratu behar zaio auziari. Errusiako Federazioko lekurik atzeratuena da hau, langabezia tasa altuena dago, % 70ekoa. Ez lanik, ez inbertsiorik, politikarien utzikeria eta ustelkeria izugarria eta errepresio basatia. Horrela, gazte askok mendira gerra egitera joatea erabakitzen du. Ekainera arte 107 lagun hil dituzte Ingushetian.
 
Hilketa gehienak estatuko egituren inguruko jendeak egin omen ditu.

Bai, poliziak edo armadako kideak gutxienak dira, gainontzekoak talde parapolizialek hildako zibilak eta boiebiki-ak (borrokalariak) dira. Ingushetian lehendabizi tiro egiten dute eta gero erabaki errudun den edo ez.
 
Nola gertatzen dira erasoak normalean, kontroletan, atentatuetan…?

Hainbat eratan. Kontroletan sarritan, beste batzuetan autoetatik gertatzen dira erasoak, oso sarri jendearen etxera joaten dira, zatxistka-k (operazio bereziak). Lehendabizi hil egiten dute eta gero iragartzen dute boiebikia dela. Errusiako botereek ez dute inolako kualifikaziorik ez printzipiorik, horregatik daude hainbeste biktima gure errepublikan. Orain dela gutxi sei urteko mutikoa hil zuten, Rahim, eta lotsarik gabe esan zuten etxetik tiroka ari zitzaiela eta talde armatu bateko kidea zela.
 
Eta giro horretan, jende askok jotzen du jamaat gerrilletara?

Hainbat arrazoi daude gazteentzat mendira joateko. Nagusia, poliziaren eta beste egituren errepresioa, eurek bultzatzen dute gazte gehienek armak hartzea. Norbait hiltzen dutelarik, familiako beste kide batzuk bultzatzen dituzte mendira joatera, odol mendekua oso presente dago Kaukason. Zatxistkak egitean ez daukate benetako interesik Ingushetian eta Ipar Kaukason bakea edo egonkortasuna egon dadin. Dirutza jasotzen dute aurrekontu federaletatik eta egitura militarretan gora egiteko aukera ere badute.
 
Beraz, diozunaren arabera, ez dago borondaterik amaitzeko, ez hemen ez Moskun?

Moskun ez dakit, baina hemen ez. Presidente berriak badu borondatea, baina egin kontu Moskuk nahi izan zuenean iritsi zirela hona talde armatuak. Errusiak beti izan du interesa Kaukason. 400 urtean ia ez da egon bakerik Kaukason, 50 urterik behin pizten da gerraren bat.
 
Presidenteak borondatea badu, orduan zer falta zaio? Behar besteko botererik ez?

Ez da erraza esaten. Presidenteak badu boterea, Moskuk emana, eta egin ditu urrats batzuk, eta Ziazikov-en (aurreko presidentearen) zenbait arduradun epaitegietara eraman ditu krimenengatik, ustelkeriagatik, auzi ekonomikoengatik…
 
Eta Errusiaren babesa ere badu.

Neurri batean, Moskuk interes mugatua dauka ingushengan. Iazko udan Errusia berehala joan zen Hego Osetiara, Errusiatik kanpoko lurralde batera. Baina hemen, Prigorodni barrutiko iheslariek ez daukate inolako eskubiderik, hamazazpi urte daramate etxerik gabe, Errusiak ahaztuta ditu.
 
Badago konponbiderik?

Ez da gatazka bat, ingushen genozidioa izan zen, tanke federalak (errusiarrak) osetiarren alde lerratu ziren, armak eman zizkieten osetiarrei, eta Prigorodni eta Osetiako beste herrietako ia ingush guztiak kanporatu zituzten. Putin presidente zenean gatazkaren amaiera iragarri zuen 2006an, gero osetiarrek protesta egin, aitzakiaren bat aurkitu eta uko egin zioten ingushak itzultzeari, esaten zuten ez zegoela modurik elkarrekin bizitzeko eta berdin jarraitzen dugu. U.U.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo