GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Patxiku Irisarri (*) Etxalarko alkatea

Uema-ren alde, inoiz baino gogotsuago

Sinistuta gaude ezinbestekoa dela indar guztiak metatzea euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin. Denon artean eraitsiko ditugu zonifikazioaren harresiak, euskararen legean oinarritutako harresi horiek

Iragan den larunbatean, ekainak 13, Beran UEMA Eguna ospatu zen. Aipagarria da udalerri euskaldunen mankomunitate honetan hainbat udalerri nafar sartu direla. Are aipagarriagoa da herri horiek euskararekin duten konpromisoa emendatzea, noiz eta UPNk gidatutako -eta PSNk sostengatutako- Gobernua gure hizkuntzarekiko jazarpena azken muturreraino eramaten ari delarik; noiz eta epaitegiek Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren aurkako epaiak ematen dituztelarik, Gobernuak berak egin baina betetzen ez duen euskararen legea bete dezan; noiz eta Euskarabideak -edo euskararentzako «diru funtsik eza» kudeatzeko organo burokratikoak- udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuentzako partida murriztu duelarik, zerbitzu horietako batzuk kolokan jartzeraino; noiz eta Gobernua euskarazko hedabideak finantzatzeko inoiz baino traba gehiago jartzen ari delarik; noiz eta TIL edo hizkuntzen trataera bateratua bezalako hezkuntza planak bultzatzen dituztelarik, euskara ingelesarekin ordezkatzeko eta euskarazko eredua kaltetzeko asmo bakarrarekin.

Laburbilduz, Nafarroako kulturaren eta identitatearen bizkarrezurra zehatzeko saiakera bortitz horren aurrean, gero eta gehiago dira euskara bultzatzeko eta euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzen ari diren udalak eta herriak.

Azken urte honetan UEMAn sartu garen udaletako alkateek UEMA zoriondu nahi dugu egiten duen lanagatik; hemendik aurrera gu ere lan horretan hasiko gara. Beste udalerriak ere animatu nahi ditugu proiektu honekin bat egin dezaten eta Nafarroako Gobernuaren gurutzada likidazionista elkarrekin gaindi dezagun.

Bidenabar, gure babesa eskaini nahi diegu euskararen alde lanean diharduten erakunde eta taldeei. Sinistuta gaude ezinbestekoa dela indar guztiak metatzea euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin. Denon artean eraitsiko ditugu zonifikazioaren harresiak, euskararen legean oinarritutako harresi horiek.

Azkenik, beren burua euskaltzaletzat jotzen duten beste erakunde politikoak posibilismoaren tranpa gainditzera animatzen ditugu: euskararen legea aldatzeko saiakerek ez dute aurrera egin, eta, gainera, aldaketa horiek ez dute bermatzen euskarak behar duen hizkuntza politika berria. Berriz diogu: egiazko hizkuntza politika baterako ezinbestekoa da euskara lurralde osoan ofiziala izatea, eta euskararen legea behin betiko zokoratzea.

Gure ustez, tokian tokikoak diren eta borondatearekin konpontzen ahal diren zenbait gertaeraren gainetik (esate baterako, Larraun UEMAn sartzeko Aralarrek egindako oposizioa eta bere aurkako bozka; edo Urdiainen emandako atzerapausoak, non NaBaiko alkatetzak 2009ko aurrekontuan UEMArako euro bateko aurrekontua onartu baituen), UEMAn sartzeko erabakia hartzerakoan gure udaletan finkatu diren oinarriek bide horretan lanean hasteko balio lezakete.

(*) Patxiku Irisarri Etxalarko alkateaz gain, Larraungo, Araitzeko, Basaburuko eta Berako alkateek, guztiak ezker abertzalekoak, eta Etxauriko, Etxalarko eta Aresoko alkate independenteek ere sinatzen dute artikulua

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo