Koldo Aldabe 2009/6/25
Helburu beteen saria
berria
Ekonomian, ekoizpenean, bankuetan, marketinean... nork ez du ezagutzen helburuengatiko sarien sistema. Hasieran ongi funtzionatzen du, baina azkenerako erori egiten da; egungo mundu krisi ekonomikoa da lekuko.
Eredua mundu guztian barreiatzeaz gain, alor guztietara ere hedatu da, eta, nola ez, segurtasun indarren efikazia ere horretan neurtzen da: atzerritarren ehiza, delinkuente txikien kartzelatze masiboak... Gatazka politikoa den lekuetan areago. Nazio Batuek 1.800 gazte hiltzea egotzi diote Kolonbiari; hiri, auzo eta herrietan errekrutatu, oihanera eraman, tirokatu eta borrokan hildako gerrillari balira bezala aurkezten zituzten. Militarrek maila igotzea, soldata gehigarriak edo opor gehiago zuten sari. Hil gehiago badira, beste horrenbeste gutxienez. Alvaro Uribe presidentea, ohi denez, onik irten da oraingoz, baina berak ezarritako helburuak izan dira hilketon iturburu.