GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Jon Garmendia 2009/6/22

Zurrumurruak

kazeta.info

Urte anitzetan ibili naiz festibal eta kontzertu erraldoien antolakuntzan, eta arrakasta edo porrot guziek baino sentsazio gehiago piztu didate eszenagain musika entzun aitzinetik entzun izan ditudan zurrumurruek. «Norbaitek» erran du eta «jendeak» erraiten du maiz heldu izan dira nire belarrietarat, jakina, «norbaitek» eta «jendeak» ez dute nehoiz izen abizenik ekartzen.

Honela, antolatzaileok ere ez genekizkien berri freskoak heltzen ziren bilkuretan parte hartzen genuenonganat, AC/DC-k joko zuela Zaldibin, U2 eta Metallicarekin harremanak izan zirela Hernanirako, Julieta Venegasek berrehun mila euro hartu zituela ordubete jotzeagatik (...).

Duela ez anitz, Kortatu elkartuko zela eta lau kontzertu eskainiko zituela ere bolo-bolo ibili zen Euskal Herrian barna, baina albistea zabaldu zuena ez du nehork aurkitu (...)

«Norbaitek» aipatu dit Emir Kusturicaren aurka «norbaitek» idatzi duela foro batetan, eta Emir, Kosovoren eztakit zeren aurka atera omen zela segurtatzen duela. Pisuzko frogak, «norbaiten» izena zikintzeko kittorik emanak. Baina eta hala balitz ere ? «norbait» horrek galdegin dio zuzenean zergatik ?

Ez dut irizpide politikoetarat jo nahi, baina gehiengo demografikoak euskaldunon lurrak frantsesentzat eta espainiarren-tzat direla adierazten duen egunean «norbait» hori isilik geratuko da? Eta Kosovo gure Nafarroa bezalakoa dela etorri zait gogora, serbiarrek haien jatorria han kokatzen dutela eta Kosovo i Metohija izenarekin ezagutzen dutela, NATO, Bush superpresidentea eta Europar Batasuneko nazio batzuen eskumenek erabaki dutela hango eredu juridiko-politikoa eta... eztakit ba...

Baina EHZ politiKAKERIA baino zerbait handiagoa da, gozatzeko lekua, eta esperientziak trukatzekoa, ekimen anitz dituena, desiratzen duenak ateak idekiak dituena, eta joan nahi ez duena joaiten ez dena. Hori bai, aurten musikaren arloan sekulako sorpresa izanen omen da, eta iturri onetik edan dut, «norbaitek» hala erran baitit.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo