Eider Rodriguez
Normalak
argia
(...) Hau ez da gure plaza. Gizonezkoena da. Gizonezkoak dira editore eta idazle. Gu irakurleak gara. Gizonezkoak dira zirujau, gu zauri txikiak sendatzen ditugun erizainak gara. Gizonezkoak dira chef, gu sukaldari apartak gara. Gizonezkoak dira umorista, gu barre egiten dugunak gara. Gizonezkoak dira apaiz, gu katekistak edo kristauak gara. Gizonezkoak dira hegazkin pilotu, gu seme-alabak eskolara eramaten ditugun auto gidariak gara.
Ez naute inoiz gutxietsi, haatik emakumezko eta idazle -biak batean- izateagatik. (...)
Zergatik sentitzen naiz hain ezeroso emakumeez eta literaturaz hitz egiterakoan?
Nire burua ulertzen -justifikatzen?- ahalegintzen naiz:
1. Gizonezkoen beharra dut -publikatua izateko, irakurria, kritikatua, aholkatua-.
2. Ezin gizonezkoen etxean sartu, nirekin eta nire aurretiko emakumezko idazle guztiekin zorrak dituztela oihu egiten. Ongi hezitakoa naiz. Xaloa. Lasaia. «Ez naiz borrokatzera etorri, zaudete lasai, idatzi besterik ez dut egin nahi, literatura da nire esparrua eta zuen laguntza behar dut. Idazterako ez, baizik eta beste guztirako» dio nire irribarreak.
3. Diskretuagoa izateko, susmo gutxiago pizteko, nire sexua ezabatzen dut: «Ikusten duzuen hau ilusio bat da, gizonak, etxean bakarrik naiz emakume, edo hobe, hilabetean behin baino ez naiz emakume. Bestela, idazten ari naizenean, ez naiz ez emakume ez ezer. Eta idazten dudana ere, androginoa da. Ez zaitezte izutu» dio nire gorputzak.
4. Txoko bat lortu arte, isilik egongo naiz. «Gonbidatu bat zara, Eider, ez ahaztu. Onartu egin zaituzte, Eider. Eskertuta besterik ezin duzu egon. Zorretan zaude» dio agian nire subkonszienteak.
5. «Kolaborazionista, zu ere horixe besterik ez zara, kolaborazionista zikin bat!» entzuten dut norbait garrasika.
Hemen eta orain, idazle normal izateko gizonezko izan beharra dago.
Guri gertatu aurretik, beste emakumezko ugariri gertatu zaio: artisau izan ziren baina sekula ez artista, jostun moda diseinatzaile baino lehen. Eta gu, batzuentzat oraindik idazlesak gara, baina ez idazle.
Batzuentzat, oraindik.