Maite Ubiria Kazetaria
MAMek Jon Anza aurkitu ez... eta erran-merranetan?
Eliseoko chef-ak zerbitzatu duen aitzin sukaldatutako gobernu aldaketarekin ase da Michele Alliot-Marie.
Chirac-en garaian Sarkozyren kontra egin zuen borrokak aparteko onura ekarri dio finean agintari eskuindarrari.
Non kokatzen du Alliot-Mariek bere helmuga? Esamesetan sartu gabe ezinezkoa zait galdera horri erantzun bat ematea. Tira, MAMekin, sikiera off preziatu bat izateko aukera banu, agian berak eginiko konfidentzia tipi baten jabe nintzateke, eta hori sinesgarritasun puntu batekin firin-faran mintzatzeko lagungarria izanen litzateke.
Armadaren buruan jardun ondoren, polizien nagusi izatera heldu den ministroarekin diskretuki mintzatzea interesgarria behar duelako ustekoa naiz. Kazetari gisa, ondoren ahoa hertsia gordetzea lan pisuegia litzatekeela aitortu arren.
MAMek bere herriko San Joan jaiak maite ditu. Bihotza ez ezik, Pariserat eraman duen haize ufadak Lohizuneko itsasoan duela hauspoa inoiz ez du ahantzi ministro izan arren. Ministerio berria estreinatu aitzin, hemen ibili da, bata eta bestearekin mintzatzen, herriko ordezkariak barne.
Antza, Frantziako hiriburuak sortzen duen tentsioa atzean utzi eta Euskal Herriko gau epelak beste mintzaldi mota batzuk sortzeko giro aproposa eskaintzen du. Bulegoaren estuasunak gaindituta, kamerak urruti direlarik, mingainak askatzen omen dira.
Aurreko postuan bere lana ondo bete ez badu ere, Justizia Ministerioa eman diote Alliot-Marieri. Barne ministroa zelarik, Frantziak agintzen duen lurraldean herritar bat desagertu zen eta ministroa ez da gai izan gertakari larri horren karietara azalpen zentzuzkoa emateko.
Pertsona horren deiturak badituzte, bere aurpegia ezagun dute, bere osasun egoera larria zela eta soinean diru kopuru bat zuela dakiten bezala.
Nolatan lurralde tipi honetan elkarlanean -eta batzuetan frantziar legearekin talka eginez- jarduten duten milaka eta milaka poliziek ez dute Jon Anzaren aztarnarik atzeman?
MAMek Rubalcabak asmatu fikzioa, erran-merranak, zabaldu dituela entzun dut. Justizia ministroak seriotasunez jokatu behar luke, Anzaren desagerpena argitzea lehentasun hartuta. Euskal jendarteak bere lana estuki behatzen duela jakin badaki.