GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Gurutze madarikatuak!

Imajinatu eszena: izena gogora ekarri gura ez dudan lekuan, hegoan den Estatuaren hiriburuko errebaletako soto txiki, umel eta ezkutu batean hain zuzen, kontainer batean iritsitako hamaika txinatarrek dihardute lanean, pilatuta, egunean hogei ordu. Mahaitzarraren gainean zabalduta duten oihaltzarra ari dira brodatzen, isil betean, nor mahaiaren bere aldetik

Tira, harira! Gogora etorri zait egunotan gazte garaiko denbora hura, domeketan botak jantzi, motxila ilusioz, eta sprayz, bete eta txapela buruan kaiku eskuan autobusa hartu, pilatuta gu ere, itsasoan garai bateko antxoak legez, eta Arratian barrena egiten genuenekoa. Gorbeia genuen helburu, orduko hartan Gorbea bazen ere. Kantari egiten genuen joanaldia, nagusi genuen erdara kantabide... en el monte Gorbea en lo más alto hay una cruuuz de amooor... Maritxu sube al alto y verás la gran cruz del Gorbea brillar y cuando estés arriba dirás: Ostia! Kaka zaharra! Ala Tutatis! Zer demontre don/k hau! Piper-potoa gurutzearen bilontzi, erreziklaezina! Orain ulertu dut Meteosateko azkeneko argazkietako distira itsugarria. Haxe bai oihaltzarra! Txinatarren lana da hori! Orogenia alpetarrak jakin izan balu zer erabilpen emango zioten militar uniformedunek berak utzitako mendi-tontorrei seguru Euskal Herriko kantauri-aldearentzat lautada aginduko zukeela, eta mendikate guztiak Perejil artxipelagora bildu ere. Ene, ene! Hala ere, Gorbeiako horren erruduna ez da beheko Armada, hemengo Eliza baino, garai batean tontorrak gurutzez josteko izan zuen pandemia harengatik. Orain ari gara orduko erabakien buelta jasotzen, besteen armada lagun.

Bai, badakit, euskaldunok ikurrina urtero ipintzen dugu Himalaiako tontorretan. Egia da. Baina bandera errebindikatzeko, ez lurraldea. Gorbeiara igo diren horiek biak gura izan dituzte errebindikatu, lurraldetik hasita. Euskaldunon baseko kanpalekua behin behinekoa da, beste horiena behin betikoa; jazarpen iraunkorra. Goazen mendirik mendi... irrintzi bat entzunda mendi tontorreaaan goazen... ikurrina atzean. Jakina, nork bere mendiak, bere irrintzia eta bere bandera. Horixe biodibertsitatearen abiapuntua. Jakina ere, nork bere gurutzea, eta gurea: beheko Estatua.

Imajinatu eszena hasierako sotoan. Beste oihaltzar bati oratuta daude, brodatzen ari, arian-arian harilkatzen. Anboto helburu. Kontuz gero Dama! Xake-jokoa da eta! Gurutze madarikatuak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo