Mikel Laboa gogoan erakusketa prestatu du Juan Gorritik
Lagunaren hutsuneari aurre egin nahian
Mikel Laboak azken arnasa hartu zuen egun berean gitarra bat marraztu zuen Juan Gorritik. Bizia hartu zuen ondoren bere eskuetan. Mailope galeriaren sarreran dago, lagun minari eskaini dion omenaldira ongietorria eginez.
Xole ARAMENDI
Telefono bidez iritsi zen berria Juan Gorritiren etxera. Goizean goiza zen eta neguan egin ohi duen moduan, etxeko balkoian txoriei jaten ematen ari zen artista nafarra. Eguna zorigaiztoko albistea irentsi ezinik pasa ondoren, eguzkia ezkutatzearekin batera, koloredun gitarra bat zirriborratu zuen paper zurian. «Gau hartan bertan hasi nintzen marrazki piloa egiten -esan du-. Aliziak, Venezuelako lagun batek, serie bat prestatu zuen marrazkiekin eta ingurukoei banatu nizkien».
Ondoren gitarra hark bizia hartu zuen Gorritiren eskuetan eta atzotik bisitariei ongi etorria egiten die bere etxeko galeriaren sarreran. Bi artistek, Laboak eta Gorritik, elkarrekin bizitako unibertsoan sartzera gonbidatzen gaitu. Ate zein leiho irekiak dituen unibertsora, lagun eta bisitariei zabalik dagoena datorren abuztu amaiera arte.
Artelanekin batera, Txarok, Gorritiren emazteak, Laboari egindako argazkiz osatutako bideoa ikus daiteke erakusketan.
30 urte iraun zituen Laboaren eta Gorritiren arteko harremanak. «Azkena, hil baino hamabost egun lehenago etorri zen bisitan, bazirudien agur esatera zetorrela. Errealitatea gogorra da, baina hartu egin behar da. Alaba eta emaztearekin, Agurtzane eta Marisolekin etorri zen. Pattal zegoen ordurako, baina oso polita izan zen. Izugarria...», dio Juan Gorritik, hunkiturik.
«Marisolek orain gutxi ikusi zuen erakusketa eta asko gustatu zitzaion», adierazi du. Galeriaren barruan beste gitarra bat dugu zain, kanpokoa baino handiagoa, sei metro ingurukoa, gurpil eta guzti.
Arribetik Donostiaraino
Mendia eta itsasoa elkartuz, Mailoak mendi magaletik Kantaurirainoko bidea egingo du gitarrak, Donostiako Musika Hamabostaldiak Laboari eskainiko dion omenaldian presente egoteko. «Gustura botako nuke errekara, ea Donostiaraino iristen den, Antigua alderaino», azaldu du Gorritik, bihurri aurpegiz.
Gitarren ostean kaxak etorri ziren, kaxa asko. Leihoak dirudite, leiho urdinak, Arribeko Mailope galeriako hormak inguruko berdetasunera ireki nahi dituztenak. Hogei bat artelan dira, Mikel Laboa gogoan egindako erakusketa osatzen dutenak. «Hasieran asmoa sarrerako gitarra hori egitea zen, baina ezin izan nuen gelditu. Gehiago egitea eskatzen zidan barruak», adierazi du. Artelan handiekin hasi eta txikiekin jarraitu zuen. «Azkenengo kaxa joan den asteartean egin nuen. Mikel hil zenetik ez dut besterik egin», aitortu du.
Anil kolorea nagusi da lau hormen barnean. Gorritik umetan kare-hautsez apaindutako etxaurretan ikusten zuen urdina. Egurra, soka, eta beste hainbat material erabili ditu nafarrak «Mikelen mundua islatzeko. Itsasoa, mendia, lurra... dena dago gitarra honetan», esan du. Lehengairik bereziena, Mikel Laboak Arribeko etxean, siesta garaian, ohe gainean edukitzen zuen estalkia da. «Pinu egurrez enkofratua egin nuen lehenik eta ondoren oihalaz forratu. Gero etorri da gainontzekoa», dio, sormen prozesua azalduz. Hala ere, Gorritirentzat artea bihotzari estuki loturik dago -«sentitzea da», bere esanetan- eta azalpenak soberan daude.
«Kabiak ez du hegan egiten ipar haizeak jotzen duenean, kabia ez da kantuan hasten udaberria sortzean, baina txoriak babesten ditu haize, euri ta hotzean, Mikelek bere kabitxoa du agiñaren bihotzean». Amets Arzalluseren hitzak dira, Gorritiren enkarguz idatzitako poesiarenak. Galeriaren aurrealdean bada hagin bat hitz hauek enborrean idatzita dituena eta hagina da gitarrak egiteko erabilitako lehengaia. «Euskal Herriko zuhaitzik zaharrena da», argitu du Gorritik.
«Gitarra ganbara» ikus daiteke alboko gelan. «Botilak, oinetakoak, liburuak, galtzak... denetarik aurki daiteke, kola bereziarekin gogortuta, sabaitik zintzilik. Baserritarrek sekula ez dute ezer bota. Gaintzako emakume batek, lehengoan, hau ikustean, zera esan zidan: `horrelaxe jartzen genituen guk altxorrak etxeko ganbaran'», kontatu du Gorritik.
Lagunaren mundua islatzen saiatu da Gorriti eta gitarra etorri zitzaion burura. «Bere mundua hori zen, bere gitarra, bere musika...». Hain maitea zuen musika-tresna etxean utzita hurbiltzen zen Arribera. Euskal Herriko hainbat artistaren bilgune, sorburua zen Arribeko etxea Laboarentzat. «`Casa matriz' deitzen zion», gaineratu du. Mendira begira, lasai, ordu luzeetan egoten ziren biak. «Gure etxeko galeria honen inaugurazio ekitaldian, bai, egun hartan abestu zuen Tapia eta Leturia eta Amaia Zubiriarekin batera», gogoratu du.
Makina bat une bizi izan zuten elkarrekin eta erakusketa prestatzen ari zenean, lunbalgia baten ondorioz, mugitu ezinik geratu zenean ere berari deitu zion. «Gitarra handia mugitu nahian nenbilen. Ezin nintzen mugitu. Bakarrik nengoen eta `Mikel, jaitsi hadi laguntzera!' egin nion oihu. Ondoren, egunak egin nituen ohean, marraztu eta marraztu», kontatu du Gorritik.
Malkoak gorde zituenekoa
Galeriatik kanpora irten eta oiloak ikusten ditugu. Inor gutxik daki Laboaren heriotza gertatu zenetik, etxe atzean, lur azpian, altxor preziatua eduki duela gordeta. Mikel Laboaren heriotzak eman zion zartakoak begiak malkoz bete zizkion Juan Gorritiri eta ezkutuan, isilpean, gauza hauek ezin baitira bestela egin, malkoz bustitako toalla lurperatu zuen. «Mikelen malkoak nola botako ditut garbitzera? pentsatu nuen. Ezer esan gabe egin nuen, batzuetan nahikoa da gauzak sentitzea», dio eskulturgileak.
Oroigarri gisa, egur zatiz egindako cromlech txiki bat jarri zion gainean. Hantxe egon da negu osoan, bi artisten lotura estuaren lekuko mutu, udaberriarekin batera egurrari su eman zion arte. «Sekulako sugarrak atera ziren! Ondoren, toki hartan hazitako belarretan aztarrika ibili ziren oiloen arrautzak jan nituen», kontatu digu artista nafarrak. Oiloak bertan dabiltza gaur ere, lasai asko.
Han-hemen etengabeko omenaldiak jasotzen ari den honetan, «guk Mikeli omenaldiak astero egiten genizkion», gaineratu du. Hil ostean, bi omenaldi egin zizkion, Bartzelonan, hango Euskal Etxeko arduradunek eskatuta. «Beste bi «gitarra ganbara» jarri nituen, bata 10x5 metrokoa, eta bestea 4x2 metrokoa. Haiek enkarguzkoak izan ziren, orain ireki duena bihotzak agindutakoa.
Mailope galeria bisitariei zabalik dago honako ordutegian: astelehenetik larunbatera 19.00etatik 21.00etara, eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara.