GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lesbianen ikusgarritasuna, Harrotasun Eguneko aldarrikapen nagusien artean

Egoerak hobera egin du; baina oraindik zailtasun eta traba ugariri aurre egin behar izaten diete lesbiana, gay, transexual eta bisexualek (LGTB). Horiek salatu eta kolektibo hauen eskubide eta tratu berdintasuna aldarrikatuko dituzte gaur egingo diren manifestazioetan. Mezu guztien gainetik, ordea, hezkuntzan eta lesbianen ikusgarritasunean jarri dute arreta.

p017_f02_4300.jpg

GARA

Berrogei urte dira gaur sexu askapenerako borrokan aldaketa sakona gertatu zela. 1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewall Inn tabernan, askotan egin ohi zuen moduan, sarekada egin zuen poliziak, bertan zeuden pertsonak, homosexual eta transexualak asko, irainduz eta kolpekatuz.

Egun hartan, ordea, bertaratutakoek polizia indarrei aurre egin zieten, haiek gazte bat bortizki jo zutela ikustean. Hiru egun iraun zuten istiluek eta zaurituak eta hildakoak ere izan ziren. Ezin da esan aurretik borrokarik egiten ez zutenik, baina gertaera haiek giltzarri izan ziren sexu askapene- rako borrokak izaera kolektiboa hartzeko. Egun hura gogoratzeko, hain zuzen, gaurko eguna hautatu zuten Nazioarteko LGTB Harrotasun Eguna ospatzeko.

Ordutik hona, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen bizimodua asko aldatu da, hobera egin du. Baina, hala ere, beste behin Euskal Herriko nahiz mundu zabaleko kaleak gay, lesbiana, transexual eta bisexualen aldarrikapen eta kolorez jantziko dira. Aste luze eta lantsua izan dute sexu askapenaren alde lan egiten duten talde eta elkarteek, lan asko baitago egiteko, mezu asko helarazteko, eskubide asko oraindik ere aldarrikatzeko.

Aste honetan bertan, Baionako apezpikuak, Marc Ailliet-ek, Biarritzen ospatutako Gay Pride ekitaldiaren inguruan egindako adierazpenek edota orain bi aste transexuala izateagatik lanetik bota zutelako emakume batek egindako salaketak agerian uzten dute oraindik ere kolektibo hauen borrokaren premia.

Guztien gainetik, ordea, aurten bi mezu nabarmendu nahi dituzte; bata eskolari lotua; emakume lesbianekin erlazionatua bestea.

Lesbiana, gay, transexual eta bisexual gazteek eskolan pairatzen duten diskriminazioa salatzea da aurtengo lehentasunetako bat; izan ere, LGTB kolektiboek uste dute ikastetxeak ez daudela oraindik aniztasunean maitatzera eta sentitzera irekiak. Egoera horretan LGTB gazteek maiz ikastetxeetan jazarpena pairatzen dutela salatu dute eta horrek eragin itzela duela gaztearen osasunean zein egunerokotasunean.

Lesbianen ikusezintasuna

Baina gazteen egoeraz haratago, arreta berezia jarri dute halaber, lesbianek pairatzen duten ikusezintasunean. Gizonen kasuan, homosexual askori euren sexu izaera adieraztea zail egin bazaie, are eta gaitzagoa gertatzen da emakumeen kasuan; horregatik aurten egingo diren mobilizazioetan indar berezia jarriko dute horretan sexu askapenaren alde egiten duten taldeek, eta Bilbon, esate baterako, prestatu diren ekitaldiak «Gauza guztien gainetik, harro» leloarekin biribildu dira, emakume lesbianen egoerari erreferentzia eginda.

Bizkaiko hiriburuan, eguerdiko 12.30ean abiatuko da manifestazioa Moyua plazatik; Iruñean, eguerdiko hamabietan, autobus geltoki zaharretik; eta Gasteizen, berriz, hamabi eta erdietan Andre Maria Zuriaren plazatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo