Betiko jolasak eta antzinako motorrak eta autoak ekarriko dituzte gaur jaiek Berrizera
Udaletxearen inguruan, antzinako auto eta motorren erakusketa izango da, eta eskolako jolastokian, betiko jolasak izango dituzte umeek. Proposamen bi baino ez dira, baina gehiago ere badakar gaurko jai egitarauak.
Nerea GOTI
Koadrilen egunean indar guztiak agortu ez zituztenek beren burua probatzeko beste aukera bat dute gaur Berrizen, herri bizikleta-martxa batekin abiatuko baita gaur jaietako egitaraua. Bitartean, herriko haurrek betiko jolasetan aritzeko aukera izango dute, eta udaletxeko lorategian antzinako autoak eta motorrak izango dira ikusgai.
Arrastian, Ondalan konpartsaren erraldoi eta zaldikoen kalejira izango da, eta Olakuetatik Elizondoraino erlojupeko igoera egingo da. Pilotazaleek frontoian dute hitzordua 16.30ean, Oizpe Pilota elkartearen VII. Txapelketaren finalak jokatuko baitira. Iluntzerako, Donien atxa eta Dantzari Dantza entsegu orokorra agintzen du egitarauak eta eskolako jolastokian gazteentzako floorball partida iragartzen du 22.00etan.
San Pedro jaiaren bezpera Drindots taldearen dantzaldiarekin itxiko da, 22.00etatik aurrera, Elizondo plazan.
Herriko bertsolariak
Lehenengo asteburua gaindituta, aste honetarako ere hainbat proposamen dakartzate jaiek, eta bihar San Pedro jaia ospatzen dela-eta, nabarmentzekoa da umeentzako prestatu diren ekitaldiak, 16 urtetik beherakoentzako saskibaloi txapelketa edota txosna gunean izango den Atxikistan haur ikuskizuna, besteak beste. Arratsaldean, herriko bertsolarien saioa izango da Elizondo plazan, Miren Amuriza, Xabier Amuriza eta Gorka Lazkanoren eskutik.
Jaiekin gozatzeko lau egun luze dituzte aurretik Berrizen, eta antolatzaileek dei bereziak zabaldu nahi izan dituzte herritarren parte hartzea bultzatze aldera, euskaldunak garen heinean hizkuntzari behar duen presentzia emateko, eta arrazen eta sexuen arteko harremanetan errespetuz jokatzeko.
Bestalde, krisiak kaltetuta dauden berriztarrei «elkartasuna adierazi» eta jaiak neurri handi batean dirua gastatzeko baino, parte hartzeko prestatuak izan direla nabarmendu du Karmen Amezua zinegotziak.
Udaleko Berdintasun arloak beste proposamen bat egin du. «San Pedro eta Santa Isabel jaietan emakumeen parte hartzea» izenburupean, bigarren edizioa izango duen argazki lehiaketa antolatu du «adierazpen kulturaletan eta herriko jaietan, non eta zertan parte hartzen duten azaltzea, rol eta estereotipoak gaindituz eta andre eta gizonen arteko berdintasuna adieraziz».
Jai batzordearen ondoan, txosna batzordeak bere ekarpena egiten dio egunero jaiari. Aurreko egunetako ekitaldiez gain, txosna batzordea osatzen duten Gaztetxeak, Ikus Ezazu.Kom-ek, Ezker Abertzaleak, Gazte Independentistek eta Askatasunak zenbait proposamen dute hurrengo egunetarako, gaurko karaokea edota astearteko parrillada, besteak beste.