Garapen Kontseilua, Ipar Euskal Herriko eragileen artean aseak eta etsiak utzi dituen egitura
Hamabost urte betetzear da Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua. Atzo, egindako lana gainbegiratu eta etorkizuneko urratsez eztabaidatu zuten Itsasun. Denboraldi horre- tan batzuk asebete eta beste batzuk, berriz, asetzeke utzi ditu egitura berezi honek.
Arantxa MANTEROLA
Testuinguru berezian sortu zen 1994ko uztailaren 9an Garapen Kontseilua (GK). Bi urte lehenago Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako eragile andanak beren lurraldearen garapenaz eta geroaz Donapaleun egindako «hausnarketa berezitik» abiatu zen, «esperientzia berritzailea». Eremu ekonomikoan, sozialean edota ingurumenarekin, kulturarekin eta azpiegiturekin lotutako arazoak aztertu eta horiei aurre egiteko lan ildoak zehaztea da, funtsean, adostasunean oinarritzen den egituraren egitekoa. Hortik bi lurralde-proiektu atera dira: Pays Basque 2010 eta egun indarrean den Pays Basque 2020. Alta, GK-k eztabaida gune soila izaki, ez du ahalmenik proiektu horiek diruz laguntzeko eta egikaritzeko. Horregatik 1995an, Hautetsien Kontseilua (HK) sortu zen eta Estatuarekin egindako hitzarmen berezien bitartez gauzatzen dira aipatu proiektuak.
Jean-Baptiste Etcheto GK-ko egungo presidenteak «gobernatzeko formula berezia eredutzat» hartua izan dela eta gaur Estatu osoan ehunka GK daudela gogorarazi zuen atzoko biltzarrean. Bideo-muntaia baten bidez, orain arteko 15 urteei errepasoa eman eta egituraren bilakaeraz zuzendaritzako hainbat kideren, gazte baten eta kazetari baten iritziak jasotzen zituen beste bat proiektatu zuten. Izan ere, Estatua bere administrazio-egituraketa berrikusten ari den honetan, GKren beraren iraupena zalantzan da.
Ondorioz, hiru lurraldeak nolabait biltzen dituen elkargo bakanetakoa desagertzeko aukerak berriro mahaigaineratu du Ipar Euskal Herriko erakundetzearen premia eta, eztabaida gori-gorian da, baita GK-ko eta HK-ko buruen artean.
«Sasi-instituzioa»
Eztabaida horretan, jakina, alderdi abertzaleak ere aspaldi ari dira beren iritzia plazaratzen. Hain zuzen, GK-ren urteurrena baliatu dute ABk eta Batasunak egitura hori Estatu frantsesak «bertako klase politikoaren zati baten onespenarekin» martxan ezarritako «sasi instituzioa» edota «sasitresna» dela nabarmentzeko.
Bertan lurraldearen garapenerako proiektuak aztertzen eta zehazten gizarteko eragile andanak egindako lana ez dute ukatzen ez Batasunak, ez eta ABk ere. Alta, zalantzan jartzen dute GK-ren «funtzionamendu parte hartzailea». ABk, esaterako, eztabaidak gero eta gehiago teknikari edo profesionalen esku geratzen direla dio eta «ikusmolde kritikoak maiz desagertu» egiten direla. Batasunaren ustez, «instantzia hori demokraziaren oinarrizko arauetatik oso urrun dabil, azken hitza Hautetsien Kontseiluak» duelako.
Hasierako itxaropenak hutsean geratu dira bi alderdi abertzaleen aburuz. Hala, GK «gizartean gehiengoz sostengatua den onarpen politiko eta instituzionalaren aldarrikapena saihesteko» tresna bilakatu dela deritzo Batasunak, Ipar Euskal Herriak benetan behar duena «eskumen zabaleko instituzio berezi bat, zehazki autonomia estatutu bat» dela nabarmenduta.
ABk ere argi adierazi du «gaurko statu quo instituzionala jasangaitza» bihurtu dela eta Ipar Euskal Herriko ezagutza instituzionalari buruzko eztabaida zabala antolatzea «urgentziazko» zeregintzat jo du.
Hamabost urte igaro dira eta hainbat proiektu gauzatu dira, baina begi-bistakoa da Parisek ez diola euskal herritarren gehiengoaren sakoneko eskakizunari erantzun.