GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Bizkaiko Herri Arteko Txapelketako finala

Arantza atera du Galdakaok lehen txapela irabaziz

Galdakarrek hiru final jokatu dituzte orotara, baina atzo arte ezin izan dute garaipena etxera eraman.

p047_f04_097x108.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Abadiñoko Matiena pilotalekuan bildutako jarraitzaileen mesederako, Bizkaiko Herri Arteko Txapelketako finala hirugarren partidan erabaki zen, ordura arte kanporaketa bana berdinduta baitzegoen. Azkenean, Galdakaok merezitako garaipena lortu zuen 40. edizioan.

Txapela irabazi ostean, Galdakaoko taldea osatzen zuten pilotariak gustura joan ziren garaipena ospatzera, baina, are gehiago, historiako lehena izanda eta iazko finala ezin izan zutela irabazi kontuan hartuta.

Partidei dagokienez, bi taldeek bazekiten finala azkeneko norgehiagokan erabaki zitekeela. Horretan ez zuten hutsik egin, baina pronostikoak askotan apurtzeko daude, eta hala gertatu zen lehenengo bi neurketetan.

Kadete mailan, begirada guztiak Galdakaoko Unai Atutxarengan eta Ustaritz Madariagarengan jarrita zeuden. Abantaila txiki bat zuten lehen partida irabazteko, baina Zaratamoko bikoteak -Danel Elezkanok eta Xabier Zarragak- aukerarik gabe utzi zituzten gorriak, 2-22ko emaitza lortuz. Zaratamoko aurrelariak patida bikaina jokatu zuen, 16 tanto eginda.

Pilotari aldaketa

Gaztetxoen kategorian, Galdakaoko Mikel Larunbe eta Kerman Galartza eta Zaratamoko Haritz Otxoa eta Gorka Soto elkarren kontra aritu ziren. Galdakarrek finala berdintzea lortu zuten, baina hemen ere pronostikoak apurtuz. 22-9ko emaitza lortu zuten gorriek -atzelariak ziren biak-.

Partida honetan nabarmentzekoa da Zaratamok eginiko pilotari aldaketa -Mikel Cue atera zen Gorka Sotoren ordez-. Txapelketaren arauetan onartuta dago aldaketa hau, baina finalerdietan gertatutakoa ikusita -Markinak kanporaketako nagusien partida inpugnatu zuen epaileak ez baitzion aldaketa egiten utzi, eta honek arrazoia eman zion Markinari nahiz eta azken emaitza ez aldatu-, datozen egunetan luze hitz egingo da gai honi buruz.

Eztabaidak alde batera utziz, nagusiek izan zuten finaleko zama guztia. Oso partida gogorra jokatu zuten Endika Kantxo eta Anartz Ajuria galdakarrek eta Ander Elezkano eta Julen Gojenola Zaratamoko pilotariek. Nekea eta beroa nabaritu zitzaien azken txanpan laurei, eta hori izan zen azkenean txapela Galdakaora eraman zuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo