Christian Rothenhagen ilustratzailearen margo oihala, Berlinen
Berlin hiria maite du, bertan bizi da eta sarri bere lanen protagonista ere izan da. Christian Rothenhagen ilustratzailea orain zortzi urte hasi zen diseinu munduan lanean, eta skateboarding egiteko taulak sortu ostean irudi korporatiboak eta hirietako arkitekturan oinarritutako serieak egiten dihardu. Makina bat erakusketatan erakutsi dituen sorkuntzak.
Maider LACALLE | BERLIN
Herbereetako doinua duen abizena daraman Berlineko artista hau orain dela zortzi urte hasi zen ilustrazioa eta diseinu munduan aritzen. Hogeitamazazpi urtetako Christian Rothenhagenek Pedagogia ikasi zuen eta unibertsitatetik atera zenean hezkuntza lanbidetzat nahi ez zuelaz ohartu zen. «Ez nekien zer egin nahi nuen eta agentzia batetan sartu nintzen praktikak egitera».
Egun ilustratzaile eta diseinatzaile freelance edo autonomoa da. «Egiten dudana izugarri gustatzen zait» eta horregatik zorte handia duela azpimarratu du Rothenhagenek. Artea Berlinen erdialdeko edo Mitte-ko (horrela ezagutzen baita zonaldea) Schwartzkopff Strassen duen pisuetako hormetan ez ezik, gorputzean tatuatua du artista gazteak. Besoan kolore gorri sutsu batetan pintatutako bihotzak ikusgai uzten ditu daraman kamisetak. Inguratzen duten zeru urdinez, hegazkinez eta bihotzez (berriro ere) jositako artelanek aditzera ematen dute bere estilo jostakorra. «Nire lana ez da oldarkorra» adierazi du alemaniar azentu gogor batez ingelesez. «Egiten dudan artea oso kitsch da eta baita goxoa eta maitagarria ere», azpimarratu duenez «aldi berean ukitu gogorrak ditu».
Garai batetan skateboarding egiteko taulak sortzen zituen konpainia baten buru izan zen beste kide batekin batera, baina esperientziak irakatsi dionez «ezin da adiskidetasuna negozioekin nahastu» eta hura itxi behar izan zuen. Abentura horrek zergez gainezka utzi zuen Rothenhagen eta «oso garai latza» izan zen hura hasperen batekin gogoratzen du.
Oholen gainean ibiltzea bere hobbietako bat izaten jarraitzen du eta Alemaniaren hiriburuan duen pisuak hau ere erakutsi egiten du. Esperientzia latza izan bazen ere, oraindik gordetzen ditu garai hartan egin zituen oholak eta gehienak bosteko talde batetan daude erakusgai, serieak dira. Serieetako bat buruz behera dagoen eta odola darion bihotz batena da. «Neska batek bihotza apurtu zidan behin eta orduan eman nion forma bilduma honi».
Bolzanotik, Italian, etorri berria da Rothenhagen. Bertan Strychnin Galleryk errepresentatzen dituen beste artista batzuekin batera egon da horma osoko mural bat margotzen. Berlineko Friedrischain auzoan kokaturiko eta batez ere gotiko estiloarekin lan egiten duen galeria honekin orain dela gutxi ezarri zuen kontaktua. «Kasualidade hutsa izan zen; nik ez nituen ezagutzen baina nire lana gustatu zitzaien eta elkarlanean hasi ginen».
Skateboarding-az gain, bere hiria, Berlin, da sortzen duen artearen gai nagusia. Rothenhagenen lanek inguruko «deskonposizioa, konurbazioa eta aglomerazioa» aztertzen dute ume baten mirespen ukituarekin. Haren azken serieek hiriaren forma arkitektonikoa isladatzen dute argazkilaritza eta ilustrazioaz baliatuz. Hauetan artistak berak hartutako Berlineko guneetako argazkiak agertzen dira, artistak argazkien gainean panpina batzuk eskuz marraztu dituelarik.
«Ez dago Berlin baino hobea den hiririk Alemanian. Badakit harroputza gerta daitekeela honelako zeozer entzuteak baina hala dela uste dut. Europan ere ez dut Berlin bezalako hiririk ezagutu». Londres ezagutzen ez duela aitortzen badu ere, bertako bizitza mailaren «garestitasunak» ez du gehiegi erakartzen eta «ez dut lanerako bakarrik bizi egin nahi». Berlin Europako hiriburuen artean merkeenetarikoa da. Alkilerrak ez daude garesti Euskal Herriarekin alderatuta eta kanpoan bazkaltzeak bost euro baino ez du suposatzen turistikoak ez diren leku askotan. «Ez nago esaten Berlin nagien hiria denik baizik eta hemen bizitzea errezagoa dela diru asko ez izateak ez baitu arazo handirik sortzen».
Garestitzen ari dela aitortzen duen arren, «non begiratu baldin badakizu leku merkeak aurki ditzakezu bizitzeko». Artistak 200 eta 300 euro inguru ordaintzen ditu hilabetero bere estudioa izateko eta nahiz eta berogailurik ez duen «berogailu elektrikoa erabiltzen dut neguan eta honela moldatzen naiz [barreak]». Beste edozein hiritan ezingo luke estudio bat izatearen «luxua» izan.
Badago munduan hiri bat Rothenhagenek bigarren lekua emango liokena, Berlin eta gero. Hau San Francisco da; «baina herrialde okerrean dago eta hori dela eta honek Berlinekin uzten gaitu berriro ere». Aipatu bezala, serieak egitea izugarri gustoko du artistak eta San Franciscori dedikatutako 33 marrazkiz osatutako bilduma ere sortu du. «Arkitekturan oinarritutako bilduma hauek hiriko bazterrak erakusten dituzte nire ikuspuntu pertsonaletik abiatuta. Emaitzak hiri hori zergaitik maite dudan hainbeste erakusten du». Serie hauekin Berlin bezalako hirien transformazioa ere isladatu nahi du.
2004 urtean Deer BLN (dear Berlin edo Berlin maitea hitzen jokoa irudikatzen du honek, nahiz eta deer berez oreinaren itzulpena den ingelesez) marka sortu zuen Rothenhagenek. Sigilu pertsonal honetan bere merchandising-ari izen konkretu bat eman nahi izan zion. Tankera berlines tipikoenean arrosa koloreko eta oreina formako mahai-lanpara bat du bere pisuan, marka honetaz geroztik sortua.
Asko eta asko izan dira Rothenhagenen lana erakutsi dituzten erakusketak. Orain gutxi lau urte eta gero Bartzelonatik jatorrizko Berlinera berriro eraman duten Bread + Butter jaialdian izan ditu erakusgai bere instalazio batzuk, bai Bartzelonan eta baita Berlinen ere. Honetaz gain, Carhartt marka ospetsuko dendetan ere muralak margotu izan ditu. Lehen aipatutako San Franciscon pare bat erakusketen protagonista ere izan da. «Bezero alemaniarrentzat egiten dut lan batez ere baina Estatu Batuetatik ere lan dexente dator».
Beste gauzen artean, edizio mugatutako kamisetak egiten aritzen da egun eta baita instalazioak eta muralak sortzen ere. Momentu honetan arkitekturan oinarritutako ilustrazioak lantzen ari da, «oso jostakorrak eta sinpleak» direnak, bere hitzetan. Hala ere, kontzeptu korporatiboak egiten dago gustokoen. «Egin behar dudan lana oso aspergarria suertatzen da batzutan baina ideia korporatiboetan lan egitea asko gustatzen zait». Kontzeptuak lantzea erronka bat iruditzen zaio Rothenhageni; «ideia desberdinak bakar batetan bihurtzeak» izugarri entretenitzen du. Berriro ere arrosa koloretako oreinari zuzendu dio hatzamarra: «emaitzaz oso harro nago».
Photoshop maite eta Illustrator «gorroto» duen Berlindar hau bi eta 12 ordu bitartean egoten da ordenagailuaren aurrean egunero. «Batzutan agentziek nire lana erosten dute eta konpainietara joan beharra dut bertako bulegoetatik lan egiteko baina gehienetan etxetik egiten dut lan». Bozgorailuetatik musika lasaia eta instrumentala ari da eta oraindik on dago hauen aldamenean dagoen pantaila handiko Mac-a. Bertan Deer BLN hitzak ikus daitezke goitik beherako dantza leunean.
Bere hiria eta musika maite duen itxura gogor eta babestua duen Rothenhagenen atzean, bihotz gorri sutsu horietako bat nabari da, arima zabalekoa. «Denbora, nire neska eta artea dira bizitzan ditudan gauzarik maiteenak»; nire neska esatean gorritu da - beharbada deskodifikatutzat eman daiteke bere Mitte-ko pisua ornatzen duten bihotzen misterioa. Asko pentsatu gabe, gorroto duena ere ahoskatu du: «diruak eta harrotasunak deprimitzen naute».
Rothenhagenen lana ikusi edo berarekin harremanetan jarri nahi izan ezkero, jo www.christianrothenhagen.com atarira.
Orain zortzi urte hasi zen ilustrazio eta diseinu munduan lanean Christian Rothenhagen, eta garai batean skateboarding egiteko taulak sortzen zituen. Egun, makina bat hiritan eskaini dizkiote erakusketak.
Edizio mugatuko kamiseta, instalazio edo muralak sortu izan ditu eta egun arkitekturan oinarritutako ilustrazioak lantzen ari da, baina kontzeptu korporatiboak egitea da Rothenhagenen lanik gustukoena.
«Ez dago Berlin baino hobea den hiririk Alemanian, eta Europan ere ez horrelako hiririk aurkitu» dio 2004 urtean Deer BLN (dear Berlin edo Berlin maitea) merchandising marka sortu zuen ilustratzaileak.