Kirol eskalada gazte txekiarra
Adam Ondra, Alex Huber-en trilogia poltsikoan gozo-gozo
16 urteko eskalatzaile txekiarrak «Om» bidea (9a, Triangel) kateatu berri du. Hari esker, Ondra Huber-ek duela urte asko zabaldutako 9a zailtasuneko trilogia eskuratu du: «Weisse Rose», «Open Air» eta «Om».
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Hedabide espezializatuetara agertu zenetik, Adam Ondra «txikia» makina bat lerro burutan azaldu da. 16 urte besterik ez ditu eskalatzaile txekiarrak, eta, azken 6 urteotan lortutako igoerek, aitortu beharra dugu, erabat zur eta lur utzi gaituzte. Kirol eskaladan egundoko lurrikara eragin du, eta, lasai asko esan genezake, egungo munduko erreferentzia nagusietarikoa dela.
Inolako zalantzarik gabe, parametro guztiak apurtzen ari da. Eskalada modernoaren korapilo zailenak oso denbora edo saio gutxitan askatzen ditu; oso-oso azkar. Ondra fenomeno berezi bihurtu da, eta, muturreko zailtasunean erabiltzen ari den modua ere bazter guztiak astintzen ari da. Nahiz eta nerabea izan, badirudi egundoko eskarmentua duela; hitz batean esanda, burua bere lekuan du edo bere alboan daudenek 16 urteko gazte hau oso norabide egokian sartu dute. Eta azken egunotan lortu duena horren guztiaren isla da.
Txekiarra «Om» (9a) bidea burutu berri du. Hori horrela aipatuta, badirudi ez dela oso berri esanguratsua. Eta hori diogu, besteak beste, azken 12 hilabeteotan gradu horretatik gorako 10 bide kateatu dituelako. Baina «Om» marran erdietsi duena, beste era batera ulertu behar da. «Om» bidea, «Weisse Rose» (9a) eta «Open Air» (9a+) bideekin batera, Alex Huber-en trilogiaren zatia da. Duela 15 urtetik gora zabaldutako hiru marra horiek poltsikoratzeko asmorik ia ez dugu ezagutu.
Trilogiako lehena sinatzen «Weisse Rose» izan zen; Ondrarentzat 9a gogorra da. Ondoren, «Open Air» iritsi zen, eta gaztearen ustean, 9a izan ordez, 9a+ da. Eta azkena, «Om» izan da. Huber-ek bezala, txekiarrak uste du 9a dela.
Oso azkar
«Om» marraren lehen errepikapena denbora kontua zen. Baina, zenbat itxaron behar zen? Azkenean, 17 urte izan dira. Bai, alemaniar beteranoak bide honi 1992an puntu gorria jarri zion; hots, lehen igoera egin zuen. Garai haietan, Huber-ek 24 urte zituen. Zailtasuneko eskaladaren lehen lerroan zegoen, oso proposamen gogorrak eta interesgarriak egiten. Hala ere, eta ulertzeko motiborik ez dago, alemaniarrak eginiko bide horiek ahaztu egin ziren. Inork ez edo oso-oso eskalatzaile gutxik saioren bat edo beste egin dituzte. Zer edo zer aipatzeagatik, ziur aski, ezohikoak diren paretetan daudelako, edo hurbilketa bide samurra ez dutelako, edo inguru haietan eguraldiak ez duelako asko laguntzen... Baina, zorionez, azkenean nerabe bat azaldu eta hiru bide horien lehen errepikapena lortu du; sinestezina!
Trilogiaren azken pasartea orain gutxi ezagutu da. Ondra Triangel eskolatik pasa zen zintzilik zuen azken bide hori, «Om» bidea, eskalatu ahal izateko. Eta, beste behin, harrigarriena izan da Ondra bide horretatik ziztu bizian pasa dela. Soilik 2 egun eta 6 saio behar izan ditu bide hori kateatu ahal izateko. Gogora dezagun ere, «Weisse Rose» eta «Open Air» 7 egunetan kateatu zituela.
Gainera, «Om» bidea eskalatu aurretik, beroketa lanetan, 8a eta 8b graduko bide bana bistaz igo zituen. Eta «Om» bidea amaitu ondoren, «Shogun» bidea (8c) 3 saiotan sinatu zuen.
«Om» bideari dagokionez, bere garaian aldizkarietan ateratako irudi bat hautatzen dugu; hain zuzen ere, Huber pauso gogorrenean dena ematen azaltzen dena. Pauso latz gogorra, blokekoa, helduleku alderantzikatu batetik eginikoa.
Ondrak, beste behin, argi dauka: «Nire aitorpena Alexentzat».