GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Libanoko palestinarren itxaropen etsigarria

Gazako azken inbasio armatuaz geroztik, Armada israeldarraren bonbardaketak, dozenaka zibil palestinarren heriotza -edo soldadu israeldar bakanenak- ez dira eguneroko albiste. Hala ere, hedabideetatik kanpo ere, gatazkak bere horretan dirau, eta Israelen larderiak ez dio palestinarrak hiltzeari utzi, «terroristak» direla esanda, haren begietan manifestari baketsuak ere terroristak baitira, eta Mendebaldeko begien aurrean heriotza guztiak ez baitira berdinak. Gazako sarraskiek nazioarteko komunitatearen hipokrisia nabarmen utzi zuten; hala ere, sarraski hura ez zen israeldarren bonbardaketekin batera amaitu, eguneroko kontua baita. Palestinarren bizimodu latza ere egunerokoa da, nola lurralde okupatuena hala beste herrialde batzuetan diren errefuxiatuena.

Palestinar errefuxiatuen eguneroko bizi-baldintza latzen erakusgarri, hain zuzen, GARAk Libanoko errefuxiatu palestinarren gaineko erreportajea eskaintzen du gaur bere orrialdeetan, Palestinako lurralde okupatu, zatikatu eta suntsituaz harantzago zabaltzen den gatazka horren aurreko ezaxolaren adibide. Jordania, Irak edo Siriara jo zutenak bezala, indarrez, beren herriak ezabatuta Libanora joan zirenek bazuten inoiz itzultzeko itxaropenik; hirurogei urteren buruan eustea askoz nekezagoa den itxaropena. Herrialde hark lur eremu bat eman zien, baina eskubiderik ez, han egoteaz beste. Palestinara itzultzea NBEk berak onartzen dien eskubidea da, baina 400.000 errefuxiatu horien etorkizunak oztopo krudel bezain gotorra du aurrean: sionismoa. Oraindik orain Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak Palestinarentzat proposatu duen balizko «estatuak» ezingo lituzke errefuxiatuak hartu, eta aukera hori gabe, Libanoko errefuxiatu guneetan bigarren mailako herritarrak izatekoa besterik ez dute.

Errefuxiatu palestinarren itxaropena meheagoa da egun, eta badu hala izateko motiborik. Estatu israeldarraren errepresio basatiari ez ezik, nazioarteko komunitatearen hipokrisiari eta are zenbait buruzagi palestinarren ahanzturari ere aurre egin behar baitie. Egunero. Baina erbestean ere, «jendarte palestinarrari eusten diote».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo