GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Sarkozyren ariketa politikoak

Estatuko instituzioak egokitu, berrituko dituztela eta, heldu da Martinika eta Guadalupeko autonomiarako erreferenduma, baina azpijoko eta ariketa politika sakona dugu Gobernuaren eskutik

Zazpi oren LKP kolektiboarenak izan ziren kaleetan. Hau da Sarkozy jaunak Martinikan pasatu duen denbora, Parisetik 7.000 kilometrotara frantsesa erraten dioten lurraldean, garapen ekonomikotik baztertua atxikitzen duten lurraldean.

Autonomia eta Estatuaren presentziaren indartzea, hau da Sarkozyk aipatu duen eskema Martinikan eta Guadalupen egindako diskurtsoetan. Nahiko ariketa zaila, kontraesana dirudiena, beltza eta xuria, irekitzea eta ixtea, betiko iruzurra! Zer ulertu, zer interpretatu? Frantses presidenteak usaiako elea erakusten digu, erran nahi baitu ez duela deus erraten baina mugimendu handiak egiten, benetan karrikak dituen aldarrikapenak ez dituela entzuten.

LKPk 146 puntu negoziatu nahi zituen, akordioa omen zen! Baina, geroztik, puntuz puntuko aplikaziorik ez dago. Hilabeteko 200 euro gehiago lansarian, soldatak baxuak zirelako, eta oinarrizko ehun elikagairen prezioa murriztea negoziatu zuten. Emaitzarik ez dago. Aitzitik, enpresak hesten dituzte, langabezia jada %22koa zelarik. Hau du estaltzen Sarkozyren bidaiak. Megafoniarekin inork aipatzen ez zuen aldarrikapena, nahiz eta mugimenduarentzat hor zegoen noski, lehentasun gisa aurkezten du presidenteak. Ez ditu bete hor zeuden akordioak baina tokiko jaunttoei botere gehiago ukaiteko aukera eskaintzen die, bere ekintza mediatikoari kutsu askatzailea emanez.

Bestalde, mehatxua ere erabili du greba eskubidea aipatzearekin. Izan ere, uharteetan izan diren mobilizazioak oihartzun handikoak izan badira, luzaz irauteko gaitasuna izan dutelako izan da, eta hedadura handikoak. Langileen antolaketa Gobernu honen etsai nagusia baita, eta horri bai aurre eginen diola presidenteak, izugarrizko gaitasuna erakutsi eta esperantza eman baitute hain ahantziak diren uharteek. Prentsan oraindik frantses nazioaren proiektu nagusia aipatzen zuten, baina noren proiektua, norentzat, uharte horiek beren beharrei erantzuteko laborantzarik garatzen ahal ez dutelarik, inguruetan dituzten herriekin ekonomia garatzen ez dutelarik?

Ondorioz, guretzat entzungarria zitekeen proposamena zuhurtzia handiarekin hartuko dugu. Izan ere, Estatuko instituzioak egokitu, berrituko dituztela eta, heldu da Martinika eta Guadalupeko autonomiarako erreferenduma, baina azpijoko eta ariketa politika sakona dugu Gobernuaren eskutik.

Autonomia hurbilagoko instituzioa izaki, lagungarri izan liteke tokiko arazo ekonomikoei erantzuteko. Baina betikoen eskuetan egongo litzateke boterea eta horiekin berekin pasatutako akordioak ez direla errespetatzen frogatzen dute bertako langileek. Sakoneko arazoek hor jarraitzen dute. Berriz ere, Sarkozyk joko maltzurrak daramatzala mugimendu sozialen aurrean.

Ipar Euskal Herrian garatzen ari den autonomia eskakizunari halako abegi ona eginen ote dio presidenteak? Hala balitz, Gobernuaren aldetik aldaketa interesgarria ikusiko genuke. Behintzat ezingo da erran Sarkozyk autonomiaz ikuspuntu ezezkorra duela. Ea erabakitzen duen Ipar Euskal Herrian une egokia dela autonomia plantan ezartzeko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo