Irungo jaiak
Gazteek ondo baino hobeto probestu dute koadrilen lehen bazkaria
Ehunka gaztek erantzun zioten Betti Gotti euskara elkarteak egindako gon- bidapenari eta orain arte jai programan Udalak erabat ahaztua izan duen kolektiboa protagonista bilakatu zen koadrilen lehen bazkarian. Txarangak, DJak eta Brusa Lehiaketak gogotik girotu zituzten Irungo jaiak, egunez ere apur bat gaztetuz.
GARA
Iruneko adineko herritarrek urtero izan ohi dute euren eguna, omenaldia, bazkari ederra; pasodoblea ere izaten dute, aldakak ahal duten neurrian mugitzeko. Etxeko txikiek ere ederki pasatzen dute Irungo auzoetan izan diren puzgarri eta jolasekin, eta barrakak ere hortxe dituzte, garesti gurasoen gusturako, baina hortxe. Gazteak dira, ordea, herriko baztertuenak, bazkari xixtrinik ere ez.
Udalari esan eta esan urteak igaro ostean, ordea, aurten lortu du Betti Gotti euskara kultur elkarteak gazte koadrilentzako lehen bazkaria prestatzea. Larunbatean eraman zuten aurrera Mosku auzoko Uranzu frontoian eta benetako arrakasta lortu zuen, ateratako 500 txartelak amaitu baitziren, eta gazte gehiagori lekua egin behar izan zieten azken unean. Irundar gazteriak lezio ederra eman dio Udalari, urteetan erabat ahaztuta eduki duten kolektiboak azkar hartu baitu eskaini zaion aukera eta parranda itzela egin zuen koadrilen lehen bazkarian.
Joxeja Zabalo Betti Gottiko kultur elkarteko kideak azaldu duen eran, bazkari honekin Iruneko jaietako «hutsune» bat bete nahi zuten; «gazteei zuzendutako eskaintza faltari alternatiba bat ematea, hain justu». Irunen, atzoko egunean izaten dira koadrilen afariak, lagunak jatetxe edota elkarteetan biltzen dira ekainaren 28ko gauean, baina Zabalok argitu duen moduan, «talde bakoitza bere kasa», ez denak batera.
Gisa honetako bazkari bat egiteko ideia duela bost urte sortu zela adierazi du Zabalok, geroztik gainera, urtero-urtero aurkeztu diote proposamena Udalari. Honek ordea, aurten arte ez du eman bazkaria egiteko baimena eta laguntza. Hala, aurten Udalak dirua eman duen arren, aurrekontu aldetik nahiko larri ibili direla ere aitortu digu Zabalok, eta hasiera batean «egun osoagoa» izatea nahi zuten arren, egitaraua moldatu behar izan dutela eman zuen jakitera. Gainera, bazkaria finantzatzeko, txosnaz gain, frontoian bertan barra jarri zuten.
Alardeak eragindako iskanbilak ere ez ditu ahaztu, eta koadrilen bazkaria «bakoitzak dituen iritzi-joerak ahazteko eta jai giroan murgiltzeko» antolatu dutela aitortu zuen. Udalak antolatutako jai egitarauan «egunean zeharreko ekitaldi eskasia» dagoela deritzo Zabalok, festa giroa gauean bakarrik sortzen dela uste du eta bazkari honekin, San Martzial jaietan «eguneko parranda egotea» bilatzen zutela adierazi zion GARAri. Bilatu eta lortu, ez dago zalantzarik horretan.
Hamabi kanpai hots entzun bezain pronto abiatu zen bi txarangen musika, ordu luzeetan algarak eta dantzak eragingo zituena. Lehen doinuekin bilduz joan zen jendetza, koadrila handitan, txikitan, banaka... baina denak poteorako gogo izugarriarekin. Mosku zein San Juan inguruko tabernak eta plazako txosnak jendez betetzen joan ziren, jaiak egunez ere ospatu daitezkeela argi frogatuz.
Giro gehiago eragiteko Betti Gottik koadrilen arteko lehia sustatu zuen, lagun koadrilei beren blusa edota kamisetekin joateko deia eginez, eta bazkarian bertan, ator onenei saria emanez. Eta ez nolanahiko sariak, lehenengoa Port Aventurara zortzi lagunentzako bidaia izan zen, ator ikusgarriena zeramatzaten koadrila izan zen garaile. Bidaia ez zen sari bakarra izan, ordea, landa-etxe batean egonaldia edota afariak ere izan ziren han banatutako sariak.
Txarangaren doinuek eta ondoren frontoian bertan izan ziren DJek girotu zuten koadrilen lehen bazkaria, eta bai ederki girotu ere, ehunka lagun bildu baitziren eta parrandak luze jo zuen. Urtean zehar Iruneko auzoetan zehar erabat barreiatuta dauden lagunek elkar ikusteko eta elkarrekin parranda egiteko aukera paregabea eskaini zuen bazkariak, eta arrakasta ikusita, datorren urtean garaiz ibiliko beharko da txartela erosteko.