GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako finala

Lizaso modurik onenean itzuli da betiko erara

Asteasukoak atzo Pikoketan jokatu zen finala irabazi egin zuen. Andoni Goikoetxea sailkatu zen bigarren.

p040_f01_777x777.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Juan Joxe Lizasok irabazi zuen atzo Pikoketan jokatu zen Gipuzkoako finala. Asteasukoa ez zen aspaldian lehiaketa handi hauetan agertu, azkenaldian nazioarteko eran zebilen, baina aurten atera, eta txapela jantzi du.

Jende gutxi batu zen final hau ikustera, baina aurretik izan duen bultzada ikusita, normaltzat har daiteke. Lau kirolari aritu ziren lehian, eta bakoitzak ordubete izan zuen lanean aritzeko.

Finala azken urte hauetan izan den irekiena agertzen zen. Azken urte hauetako parte-hartzailerik gutxiena izan du aurten Gipuzkoako Txapelketak, eta horregatik zuzenean jokatu da finala. Lehen ere izan dira honelakoak. Lau lehiakideen artean ez zen faborito garbirik agertzen, eta azkenean Lizasok eraman zuen txapela.

Haren inguruan itxaropen dezente zegoen piztuta, izan ere, parte hartzeko pausoa eman baldin badu ongi ibiliko zen itxaropena zegoen, eta horrelaxe gertatu zen amaieran, 2.800 kilo pasa moztuta irabazi egin baitzuen eta txapela jantzi zuen.

Bigarren postuan amaitu zuen Andoni Goikoetxeak. Gaztelukoa faboritoen artean agertzen zen, baina atzokoan bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, ezin izan baitzuen Lizaso mendean hartu. Gazteluko segalariak 2.725 kilo belar moztu zituen, eta orain Euskal Herriko Txapelketarekin pentsatu beharko du.

Hirugarren postuan amaitu zuen Arkaitz Arteagak. Baliarraingoarengan ere itxaropen dezente zegoen, iaz Euskal Herriko Txapelketa irabazi baitzuen, baina atzo hirugarren postu horrekin konformatu behar izan zuen. Denetara 2.536 kilo belar moztu zituen.

Azkeneko postuan Alkortak amaitu zuen. Ahalegindu zen lan on bat egiten, baina beste hirurek hobea egin zuten, eta azkeneko postu horretan geratu behar izan zuen. Berak 2.416 kilo belar moztu zituen eta berak itxi zuen atzo Pikoketan jokatu zen Gipuzkoako final nagusia. Hemendik aurrera Nafarroako eta Bizkaiko finalak jokatu beharko dira, eta hirurekin batera Euskal Herriko finala ere jokatu beharko da. Txapelketa garrantzitsu horretarako faborito nagusiak berriro ere atzo Gipuzkoakoan izan ziren berak izango dira, Lapazaranen faltan, herrialde horretan baitaude oraingo onenak.

Goiherrik 600 kilokoan ere ez du barkatu

Billelan abiatu zen herenegun Euskal Herriko Sokatira Txapelketa 600 kilotan, eta aurreko pisuetan bezalaxe, Goiherrik ez zuen barkatu. Berdeak gainerakoak baino hobeak izan ziren, eta lehen jardunaldia irabazi ostean lehen postuan kokatu, eta txapela janzteko faborito nagusiak bihurtu dira. Bigarren postuan Gaztedik amaitu zuen bakarrik aurreko horren aurka galduta, eta hirugarren berdinduta amaitu zuten Aresok, Mutrikuk eta Goiherri B-k. Azken postuan amaitu zuen Getxok saioko tiraldi guztiak galduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo