GARA > Idatzia > > Mundua

Gainerako hautagaiek hauteskundeak behatzeko batzordea errefusatu dute

Irango Presidentetzarako hauteskundeen emaitzak berriz aztertzeko Zaindarien Kontseiluak proposatutako batzordean ez dutela parte hartuko ziurtatu dute oposizioko hautagaiek. Barne norgehiagoka latz honen inguruan, gora egin du Teheran eta Londresen arteko tirabirak.

GARA

Mehdi Karrubi hautagai erreformistak bat egin zuen atzo Mir Hussein Mussavi lehen ministro ohiarekin, eta ekainaren 12ko hauteskundeak behatzeko Zaindarien Kontseiluak proposatu zuen batzordean parte hartzeko asmorik ez duela iragarri zuen.

«Zaindarien Kontseiluak batzorde independentea izendatuko balu eta hauteskundeen nondik norako guztiak aztertzeko ahalmena emango balio, orduan bai, onartuko nuke», azaldu zuen Karrubik.

Are zorrotzago kritikatu zuen bezperan Mussavik proposamena. Izan ere, haren iritziz «Zaindarien Kontseiluak berak izendatutako batzorde batetik ezin dugu ezer onik espero».

Mussavi bera lehen ministro izan zela kontuan hartuta, harrigarria da haren ahotik halako tamainako salaketa entzutea. Karrubi erreformistak egin ez duena egitera ausartu da Mussavi, Zaindarien Kontseilua bera kolokan jartzera.

Gauzak horrela, Mahmud Ahmedinejad hautagai ofizialaren aurka bere burua aurkeztu zuen hirugarren hautagaiak, Mohsen Rezaik, batzordean parte hartzeko gonbitari uko egin dio, beste bien ezetza argudiatuz.

Zaindarien Kontseiluak 24 orduko epea eman zien ostiral gauean hautagai guztiei batzorderako ordezkariak izendatu zitzaten. Batzorde honen ardura boz guztien %10aren zenbaketa berria behatzea zen.

Larunbatean, Bereizte Kontseiluak dei egin zien hautagaiei batzorde horretan parte har zezaten. Bereizte Kontseiluaren presidentea zein den kontuan hartuta, Akbar Hachemi Rafsanyani presidente ohia, bazirudien auziak baretzera egingo zuela. Rafsanyanik, ahoz eta diruz lagundu dio Mussaviri hauteskunde kanpainan.

Mussavik, ordea, boz guztiak berriz zenbatzeko exijitzen du temati. Ez da eskaera makala. Halere, hasieran hauteskundeak errepikatzea aldarrikatzen zuen.

Eskatzea libre omen, eta Ahmedinejaden aurka lehiatutako hautagaiek egun batetik bestera aldatu egiten dituzte aldarrikapenak. Karrubi erreformista urrunago joan da, eta hauteskundeetarako hautagaiak onartzeko prozesu osoa aztertzeko exijitu du.

Zaindarien Kontseiluak lau hautagaitza baino ez zituen onartu bere garaian, guztira 446 aurkeztu baziren ere.

Atxilotuak

Giro nahasi honetan, krisialdi politikoak eztanda egin zuenetik Irango Segurtasun Indarrek 2.000 pertsonatik gora atxilotu izana salatu zuen atzo Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioaren presidenteordeak, Karim Lahidjik.

BRITAINIA HANDIA

Britainia Handiak Teheranen duen enbaxadan lan egiten duten zortzi iraniar atxilotu ditu Poliziak. Londresek eta Europar Batasunak gogor salatu dituzte atxiloketok eta neurriak hartuko dituztela iragarri dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo