GARA > Idatzia > > Kultura

Uztaila aisialdirako garaia da Elorrion, Musikaire jaialdiarekin

Pasa berri den asteburuan abiatu da Elorrion urtero ospatu ohi duten Musikaire, uztail osoan zehar eta abuztua bitarte herriko zenbait bazterretara antzerki eta musika ekitaldiak eramango dituen jaialdia. Gasteiz Big Band, Txuma Murugarren, Oreka Tx, Cherry Boppers eta Delorean euskal taldeak eta atzerriko 17 Hippies, Blue Harlem eta Mastretta musikariak izango dira bertan, Teatro Bambuk, Circus Klezmer, Mumusic Circus eta Clownic taldeen antzerkiarekin batera.

p048_f01_204x112.jpg

Anartz BILBAO | ELORRIO

Uztailak -batzuetan- ekarri ohi duen eguzki eta bero zapa arintzeko asmoz, musika, kale antzerki eta zirku emanaldiz freskatu nahi du uda Elorrion Musikaire jaialdiak. Guztiz doakoa, herriko plazan ez ezik, besteak beste Argiñeta eta Tola jauregira ere zabalduko da festa, herriko bazter miresgarrietara hedatuz.

Pasa berri den asteburuan abiatu zen jaialdia, ekaina modu paregabean agurtzeko, Ara Malikian armeniar musikariaren antzerki umoretsuarekin eta Nando e Maila poloniar bikotearen «Vanjuska Mog» antzerki ikuskizunarekin.

Behin uztailean sartuta, berriz, Gasteiz Big Bandek joko du datorren ostiralean plazan. Ezohiko taldea da gasteiztarrek sortu dutena, eklektiko, ausart eta bizizalea, Gaztelupeko Hotsak zigiluan plazaratu berri duten «Najera» dantzagarriak frogatzen duen bezala. Eta hurrengo egunean, toki bera hartuko du Txuma Murugarren kantari ezagunaren taldeak, «Marginalia» azken lana aurkezteko. Asteburuari bukaera emateko, igandean formatuz aldatu, eta antzerkia izango da, Teatro Bambuk emana. Felipe Acosta autore eta antzezle eta Danilo Lagos zuzendari, Hondurastik datorren taldea, zurrutari gogor eman osteko biharamun kontuekin dator Arriola ateneora.

Eskema bera erabiliz, uztaileko bigarren asteburuak beste hiru proposamen jasoko ditu. Batetik, 17 Hippies berlindar taldearen folk berritzailea ostiralean eta Oreka Tx txalapartarien erritmo geldiezina larunbatean, eta bestetik, Circus Klezmerren jarduna. Kataluniarrek musika, malabare eta trapezio ikuskizuna prestatu dute poesia, umore eta irudimen apartarekin, ekialdeko europarrak balira legez, igandean eta aurreko bi kontzertuak legez, plazan egingo duten saiorako.

Konturatzerako abuztutik gero eta gertuago, uztaileko hirugarren asteburu eta jaialdiko laugarrenean beste horrenbeste dago aukeran, Blue Harlem eta Mastrettaren musika eta Mumusic Circusen kale antzerkia. Lehena britainiar taldea da, 1940 eta 50eko hamarkadetako rhythm n´ blues doinuak Tola jauregira zabalduko dituena uztailaren 17an, ostirala; eta bigarrena, berriz, «Vivan los músicos» aurkeztera etorriko den madrildar talde fina, Nacho Mastrettak gidatua -larunbatean, toki berean-. Mumusic Circus, berriz, kataluniar bikote trebea dugu, Marçal Calvet eta Dalmau Boada akrobata eta musikariak osatua, eta «Merci bien» ikuskizuna aurkeztuko dute uztailaren 19an plazan.

Hamar emanalditik gora emanak izango ditu jaialdiak (14 dira guztira) azken txanpan sartu orduko. Uztailaren 24an Cherry Boppers bilbotar talde beroaren «Dressin´the Puppet» jazz funk lan bikaina entzungo da Argiñetan, eta hurrengo egunean, larunbata, bertan joko du, «Ayrton Senna» Ep berria aurkeztuz, Delorean zarauztar laukote dantzazale goraipatuak. Behin uztaileko azken igandera helduta, Clownic taldeak «100% Tricicle» lana antzeztuko du plazan, umore absurdo eta mimikaz.

Eta abuztuan, Klikaire

Behin gozokia ahoan sartuta, gehiago nahi duenak Klikaire izango du freskagarri abuztuan, proiekzioak nabarmenduta.

Abuztuaren 6an Klaartje Quirijns herbeheretarraren «El cazador de dictadores» filma emango dute, gaztelaniazko azpitituluekin. Abuztuaren 13an, «Cró!» lana helduko da Galiziatik, eta abuztuaren 20an, Artelekuko bideoarte, animazio eta laburrak. Azkenik, Miyuko Okabe japoniarra eta Eneko Etxebarrieta gasteiztarraren «Mundua hurbilduz, Hegoamerika tandem batez» diaporama, abuztuaren 27an.

ELORRIOKO TXOKOAK

Guztiz doakoa, Musikaire jaialdiak Elorrioko txoko ugari hartuko ditu: plaza, frontoia, Lourdes ikastetxea, Arriola ateneoa, Tola jauregia eta Argiñeta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo