GARA > Idatzia > > Kultura

Nori Ushijimaren margolana Mendaroko ermita eraberrituan

«Agustin Berasaluzeren bataioa» izeneko muralak janzten du duela egun batzuetatik Mendaroko Trinidade ermitako hormetako bat. Berasaluze, herriko parrokiako abesbatzako zuzendaria, mendi istripuz hil zen 2008an eta lagunek gorazarre egin nahi izan diote.

p049_f02_10101.jpg

Xole ARAMENDI | MENDARO

Herritarrek Trinidade jaietan inauguratu zuten ermita eraberritua. Joan den ekainaren 7an izan zuten bai egindako lanez eta bai margolanaz gozatzeko aukera, urtean zehar itxita izaten baitira ateak. Dena den, behin obrak eginda, bizilagunen nahia da urtean zehar erabilera gehiago ematea ermitari. «Ezkontzak edo musika kontzertuak egiteko toki aproposa da eta pena da urtean pare bat aldiz bakarrik erabiltzea», diote.

Herritarrak pozik daude orain Trinidadeko ermitak duen itxura berriarekin. Baita barrura sartu eta Ushijimaren lana ikustearekin ere. Anton Piñel giltzarria izan da Mendarok artista japoniarraren lan bat izatearen proiektuan. Arte bildumazalea da mendaroarra eta lehendik ezagutzen zuen Ushijima eta haren obra.

Trinidade ermitako murala, 3x3,5 metrokoa, oso berezia da Piñelentzat. Duela bi urte oso une gogorra bizi izan zuen Pirinioetan, Agustin Berasaluzekin baitzihoan hark bizia galdu zuenean, eta berak enkargatu zion artista ezagunari murala margo zezan bere lagunaren omenez. «Trinidade ermita berritzeko planak mahai gainean jarri zirenean banuen aukera, beste edozein bizilagunek egin duten bezala, nire dirulaguntza emateko. Baina hain maitea zen pertsonak bere oroitzapena bizirik irautea merezi zuela pentsatu nuen. Bederatzi mendetan biziraun du ermitak eta auskalo noiz arte jarraituko duen», kontatu du.

«Bizilagunek gustukoa izango zutela iruditu zitzaidan, nahiz eta batzuentzat harritzekoa izan Jesusen aurpegian Berasaluzeren espresioa ikustea», esan du. Ushijima eta Piñel bera ere ageri dira margolanean. Azken hau, eszena biblikoa nolabait hautsiz, telefonoz deika ikus daiteke, Berri Ona emanez. «Ardatz nagusia Agustin da, gainontzekoa anekdota hutsa da. Hogei urte barru inor ez da gutaz gogoratuko, eta Agustin geratuko da», azaldu du.

1105. urtean eraikia, mendi muino baten gainean kokatua dago ermita. Hauxe da bailara osoko eraikuntza zaharrenetarikoa. Bere garaian erabili ziren materialei esker erraz asko ikusten dira garai arkitektoniko desberdinak.

Egoera kaskarrean

Ermita oso egoera kaskarrean zegoen eta urtebete da mendaroar talde batek zerbait egitea pentsatu eta eraberritze lanei ekiteko diru bila hasi zirela. Herritarren ekimenaz gain, Udala eta Gipuzkoako Diputazioaren dirulaguntzei esker burutu dira berritze lanak.

Duela hogei urte inguru egin ziren beste lan batzuk; orain burutu direnekin alderatuz, azalekoak. Amaitu berri diren lanetan nabarmentzekoa da sabaiko zurarekin egin dena. Beirateak ere berritu egin dira. «Ni 1940an jaioa naiz eta garai hartako herritarrak ohituak gaude auzolanean aritzera -azaldu du Anton Piñelek-. Herrian hainbat ekimen eraman genituen aurrera eta izpiritu bera gordetzen dugu. Antonio Iriondo «Kapain»ek gidatu du ermitaren eraberritze proiektua, beste batzuetan egin duen moduan. Ez da elizarekin harreman handirik daukagulako, baina badugu lotura berezia Trinidade ermitarekin».

Freskoak margotzeko erabilitako teknika klasikoa

Nori Ushijimak prestakuntza klasikoa du eta horixe nahi zuen Piñelek. Piero de la Francesca edota Migel Anjelen modura, pigmentu naturalak erabili ditu artista japoniarrak, oso egokiak margoak denboran iraun dezan. «Teknika honi esker gaur egun XVI. mendeko artelan ederrez goza dezakegu eta Trinidade ermitakoarekin gauza bera gertatzea espero dugu. Gu desagertuko gara baina Berasaluzek hor jarraituko du», gaineratu du Piñelek.

San Joan Jesus bataiatzen ari den eszena margolari klasiko askok islatu dute euren lanetan eta hauxe aukeratu du Ushijimak. «Agustinen figura Jesus izan zedin proposatu nion eta hortik aurrera artistaren esku utzi dut», kontatu du.X.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo